IMHn ikasi ostean egin duten ibilbide profesional "eredugarriagatik" saritu dituzte Gorka Mir eta Alex Sanjuan. IMHn Mekatronika Industrialeko goi-mailako heziketa zikloa ikasi zuen Gorka Mir elgoibartarrak. Praktikak AYCEn egin ondoren 8 urtez DanobatGroupen montadore lanean ibili zen. Aita izan zenean bere proiektu propioarekin hastea erabaki zuen, hasieran autonomo bezala. 2010ean Laserlan enpresa sortu zuen eta egun dagoeneko hiru dibisio ditu bere enpresak, makina erremintaren kalibrazioa, hiru dimentsiotako neurketak ekipo portatilekin, eta azkena alderantzizko-ingeniaritza zerbitzuak, makina bereziekin eta automatizazio soluzioekin, robotizazioa integratuta. "Ekintzailetza, kemena, bere buruan sinistu eta oztopo guztien gainetik ametsari eustea saritu nahi izan dizkiogu", azaldu dute IMHtik. Bere ibilbidearen berri ematen du Gorka MIrrek honako bideoan:
Alex Sanjuan azpeitiarrak erdi mailako Mekanizazio zikloa egin zuen IMHn, Mekatronika Industrialaren Heziketa Zikloa gero, eta Ingeniaritza Duala azkenik. Ikasketen azken urtean Pixel Sistemas enpresan hasi zen beharrean, CAD/CAM munduan murgiltzen eta azken hiru urteetan Pixel Sistemasekin batera hazi da profesionalki, berrikuntza proiektu aurreratuetan lan egiten. "Esfortzua, bilakaera aipagarria, langile nekaezina eta lagunkoia izanik, ondo egindako lanaren balioak aitortu nahi izan dizkiogu", azaldu zuten sari emaleek sari banaketa ekitaldian.
•Ikasle aipagarrienak
Aurrekoaz gain, beste hiru sari ere banatu zituen IMHk: Ikasle aipagarri saria Oier Elorza azkoitiarrari egokitu zaio. Goi-mailako Mekatronika Industrialeko ikaslea da Elorza eta 8,93ko batez-besteko nota atera du. Ikasle elgoibartar onenaren saria Adrian Romero Zapatari eman diote. Goi-mailako Mekatronika Industriala ikasten ari da eta 8,07ko batez-besteko nota atera du ikasturte honetan. Elorzak zein Romerok 300 euroko ikasketa-poltsa bana jaso zuten saritzat.
Azkenik, aipamen berezia jaso zuen Jon Peñak, SpainSkills olinpiadetan parte hartu izanagatik. Informazio osoagoa: imh.eus