Meka lanbide eskolan egin duten ibilgailu elektrikoa saritu dute Euskelec txapelketan

Barren.eus 2019ko eka. 7a, 17:24

Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeentzako ibilgailu elektrikoen Euskelec txapelketan lehen saria jaso du Elgoibako Meka lanbide eskolak aurkeztutako ibilgailu elektrikoak, turismo kontzeptu kategorian.

Meka lanbide eskolako automoziko ikasleek eta irakasleek, Soldadurakoen eta Galdaragintzakoen laguntzarekin sortutako ibilgailua da saria irabazi duena. Diseinu aldetik kaleko ibilgailu baten ezaugarri antzerakoak dituen ibilgailuentzako garaikurra jaso du.
Euskelec txapelketa Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bultzatzen du, eta Tknikak (Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako EAEko Zentroak) antolatzen du, energia biltegiratzeko sistemetan eta ibilgailu elektrikoetan espezializatutako Alterity enpresarekin batera. Besteak beste, ibilgailu elektrikoen arloko etorkizuneko teknikariak prestatzea da txapelketaren helburuetako bat.

 • Aurkezpena eta proba dinamikoak
Bigarren ekitaldia izan da aurtengoa eta Bizkaia, Araba zein Gipuzkoako lanbide-heziketako 16 ikastetxetako 200 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte. Txapelketan parte hartu duten hamasei taldeek euren proiektuak aurkeztu eta defendatu zituzten lehenik, epaimahai profesional baten aurrean. Zornotzan aurkeztu zituzten proiektuak, AIC-Automotive Fundazioaren instalazioetan, joan den maiatzaren 29an. Txapelketaren bigarren zatia ekainaren 5ean egin zuten Donostiako Sagues parkean. Ikastetxeek aurkeztutako prototipoak ebalaluatzeko proba dinamikoak egin arazi zizkieten parte hartzaleei horretarako prstatutako zirkuitu batean. Honako proba hauek gainditu behar zituzten ibilgailuek: eslaloma, azelerazioa, gehieneko balaztatzea eta erresistentzia.

 • ETHAZI metodologia
Ibilgailuak egiteko, Tknikak Euskadiko LHko ikastetxeetan ezarritako ETHAZI metodologia erabili dute. Metodologia berritzailea da, eta aitzindaria Euskadin. Metodologia horren barruan, erronketan oinarritutako lankidetza-ikaskuntzako eredu bat jarraitu dute partaideek.
Eskala txikian, parte-hartzaileek edozein marka konbentzionaletako auto elektriko baten osagai berak dituen ibilgailu batean lan egin dute. Antolatzaileen esanetan, ikasleen gaitasunak sustatzeko ere balio du egitasmo honek, hala nola arazoak diagnostikatu eta konpontzeko gaitasuna, ekimen-espiritua, e.a.