Lanbide Heziketaren astea ospatzen dihardute herriko lanbide ikastetxeek

Barren.eus 2015ko mai. 11a, 09:39

Euskadiko Lanbide Heziketaren Astea ospatzen dihardute Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko 50 zentro inguruk, tartean Elgoibarko Meka eta IMH ikastetxeek. Lanbide Heziketak gurasoengana eta DBHko nahiz Batxilergoko ikasleengana gerturatu nahi du, bai eta Euskadiko prestakuntza zikloak bertatik bertara ezagutu nahi dituen edonorengana ere. 

Joan den maiatzaren 6an hasi zen Euskadiko Lanbide Heziketaren Astea, eta maiatzaren 17ra bitartean Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasle, irakasle era zuzendaritza taldeak buru belarri murgilduko dira 250 jarduera inguru batzen dituen egitaraua gauzatzeko. Erakusketak izango dira, jardunaldi tekniko eta teknologikoak, Lanbide Heziketako ikastetxeetan bisitak eta ate irekiak, proiektu eta esperientzia berrien aurkezpenak, gizarte-konpromisozko eta ekintzailetza jarduerak... Denak ere, azken finean, Lanbide Heziketako familia profesionalen espezialitateekin zerikusia duten jarduerak. 

Jarduera hauetako asko gizarteari irekiak izango dira, eta beste batzuk berriz Lanbide Heziketako ikasle, irakasle nahiz inguruko enpresei zuzenduak.

Elgoibarko IMHk, besteak beste, ikastetxea ezagutzeko aukera eskainiko du maiatzaren 12, 14 eta 23rako antolatu dituen ate irekien jardunaldietan.

Meka Lanbide Eskolak ere ekintza sorta antolatu du Lanbide Heziketaren Aste barruan. Gaur goizean, esaterako, Erizaintzako ikasleak herritarrei tentsioa hartzen aritu dira Kalegoen plazan. 

Lanbide Heziketa kalera

Arretako ikastaldeko kideak, berriz, San Lazaro egoitzan eta Eguneko Zentroan izan dira. Bingoan eta beste hainbat jolasetan aritu dira egoiliarrekin eta abestiak ere kantatu dituzte elkarrekin. Automozioko ikasleek ere izan dute orain arte ikasitakoa praktikan jartzeko aukera, eta autoaren aurrediagnosia egin diete Albitzuriko ikastetxera kotxea eraman duten herritarrei. Antzera egin dute Galdaragintzako ikaslek. Izan ere, matxuratuta zituzten sartainak, sukaldeko ontziak, atxurrak eta beste hainbat tresna konpontzeko aukera eskaini diete hala nahi izan duten heritarrei. Ikus egitarau osoa -PDF-

2015 05 11 lanbideheziketaasteatentsioa

2015 05 11 lanbideheziketaasteatentsioa2

2015 05 11 lanbideheziketaasteatentsioahartzen1