Urrezko domina irabazi du Jon Lapeirak Lanbide Heziketako Skills olinpiadetan

Barren.eus 2015ko mai. 11a, 07:07

SpainSkills Lanbide Heziketako olinpiadak jokatu dituzte, maiatzaren 5etik 9ra bitartean, Madrilen, eta Elgoibarko ikastetxeetako ordezkariak lehiatu dira bertan. IMHko ikasle Jon Lapeirak urrezko domina lortu du CNC proban.

 Badirudi IMHko ikasleek neurria hartua diotela SpainSkills txapelketari: Larraitz Urangak irabazi zuen aurreneko urrezko domina 2011n, Iñaki Hernandezek 2013ko edizioan lortu zuen urrea eta Jon Lapeirak hartu die orain lekukoa Spainskills2015 olinpiadetan.
Fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioko heziketa zikloa ikasten dihardu Jon Lapeira azpeitiarrak IMHn. Madrilen jokatutako Lanbide Heziketako olinpiadetan CNC fresatzeko makina eta CNC tornuko Skillsetan aritu da, Igor Larrañaga tutore duela. Ikasle eta tutorea orain hiru hilabete hasi ziren olinpiadetarako prestatzen, eta egindako lanaren fruitua jaso dute orain.

Hurrengo erronka Lanbide Heziketako munduko txapelketan -WorldSkills2015- parte hartzea izango da. Aurten Brasilgo São Paulo hirian jokatuko dira, abuztuaren 11 eta 16 bitartean.

2015 05 09 jonlapeira∞ Lotura duten albisteak: