Industria 4.0 eremuan IMHren eskaintza handitu du Digital Manufacturing unibertsitate master dual berriak

Barren.eus 2018ko ira. 21a, 20:05

Gaur aurkeztu da Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuan Digital Manufacturing unibertsitate master dual berria. Master honek zabaldu egin du IMHk sare industrialarentzat ematen duen eskaintza. inguruko puntako enpresekin elkarlanean prestatu dute masterra eta ikasleak euskal enpresetan jardungo dira prestakuntza dualean.

Ikasleak gaur goizean hasi dira Digital Manufacturing unibertsitate masterreko eskolak jasotzen eta arratsaldean egin diete aurkezpena. Ekitaldian, ikasle eta irakasleez gain masterrean parte hartzen duten erakunde eta enpresen ordezkaritza izan da. Besteak beste Xabier Ortueta IMHko Presidente eta aldi berean AFM Clusterreko zuzendari orokorra, Josu Sangroni EHUko graduatuondoko ikasketen zuzendaria, Garikoitz Agote Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko zuzendaria, Miren Artaraz Eusko Jaurlaritzako Politika eta Unibertsitate Koordinazioko zuzendaria, Ane Beitia Elgoibarko alkatea, Juan Angel Balbas Debegesa Debabarreneko garapen agentziako kudeatzailea, Mikel Niño Tecnaliako 4.0 Industria Estrategiaren arduraduna eta Jon Kepa Gerrikagoitia IKT eta Automatizazio kudeatzailea eta Patxi Samaniego Etxe-Tar Taldeko Berrikuntza Zuzendaria. Digital Manufacturing masterrari eta industria 4.0 testuinguruari buruz hitz egin dute, baita estrategia horren orainaz eta etorkizunaz ere.

Besteak beste ikasleei esan diete teknologia berriekin lan egitera sartuko direla, baina horrek eskatzen duela gaitasun berriak jasotzea. Baina era berean argi utzi dute enpresetan badakitela ez direla hutsetik prestatuta etorriko eta horretarako master duala ezinbestekoa dela. Beraz, lantokietan bertatik bertara ezagutuko dituzte eguneroko jarduna eta beharrak. Hala ere, izan da esan duenik teknologiak garrantzia baduela, noski, eta landu behar dela baina albora utzi gabe lantokietan norbanakoek egiten duten ezinbesteko lana.

Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak zera esan du bere hitzaldian: “Ez dago ongizaterik industria potenterik gabe. Gipuzkoa zerbait bada ekonomikoki eta sozialki bere industriak duen pisuagatik da”. Bestalde, industria eraldatzen ari dela gaineratu du eta eraldaketa horretan master hau bezalakoek garrantzia dutela. “Beraz, eraldaketa honetan aditurik izan ezean gure proiektuek ez daukate etorkizunik. Proiektu guztien elementu giltzarria pertsonak zarete eta horretarako ezinbestekoa da trebakuntza bat izatea master honek horri erantzun nahi dio”. IMH industria 4.0ri dagokionean erreferentea dela ere azpimarratu du.

Eusko Jaurlaritzarentzat ere heziketa duala estrategia eredu garbia dela esan du bertako ordezkariak ere. Gainera, azaldu du, hezkuntza ministerioan jakinarazi zutela gainontzeko lurreldeek Euskadi eredutzat hartuko dutela ikasketa modu horri dagokionean. Gaineratu du aurrerantzean ere ahalegina egingo dutela hezkuntza modu hori indartzeko. Master honen emaitzat onak izango diren zalantzarik ez duela ere esan du.

Digital Manufacturing unibertsitate master dual berria, EHUra atxikitutako titulu ofiziala da, bi urteko iraupena du eta inguruko puntako enpresekin elkarlanean diseinatu du IMHk. Enpresa horiek edukiak zehazten lagundu ezezik irakatsi ere egingo dituzte. Gainera, euren ezagutza arloetan aitzindari diren prestigiodun irakasle eta profesionalek hartuko dute parte.

Eskolak IMHn emateaz gain, Tecnaliaren Donostiako egoitzan, Elgoibarko IK4-Idekon eta Zamudioko Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuaren Zentroan ere jasoko dituzte oraingoz ikasturtea hasi duten 15 ikasleek. Eskola teorikoak jasotzeaz gain, 4.0 eremuko beharrak dituzten euskal enpresek kontratatuko dituzte prestakuntza dualarentzat hauek aurrez azaldu dituzten beharrei erantzuteko helburuarekin.

Hasierako heziketan 550 matrikulatik gora eta enplegurako prestakuntzan 2.000 matrikulatik gora izanik, IMHk pertsonen prestakuntza kualifikatua indartu eta sendotu du, 4. 0 iraultza industrialaren erronkei aurre egiteko enpresek eskatzen duten maila teknikoentzat. Eta master dual berri honek eskaintza handitu egin du.