Ekintzailetzari eta lidergoari aitortza egin diete IMH Sarietan

Barren.eus 2018ko eka. 15a, 14:40

IMH Sariak banatu zituzten atzo Makina Erremintaren Institutuan. Jon Larrañagak eta Gorka Oregik jaso dituzte IMHko ikasle ohi aipagarrienaren sariak, Maitane Alberdik 2018ko ikasle aipagarrienarena eta Eneko Rubiok eskuratu du Ikasle Elgoibartar Aipagarriaren Saria.

Lanbide heziketako ikasturte amaierako ekitaldian jakinarazi zituzten atzo, IMH Sarien 16. edizioan sarituak izan diren lagunak. IMHko arduradunek azaldu dutenez, 38 enpresaren laguntza eta babesarekin antolatu dituzte aurtengo sariak. Ikasle, tutore, irakasle eta famili eta enpresa babesleetako ordezkariez gainera, Elgoibarko alkate Ane Beitiak ere hartu zuen parte ekitaldian.
Ikasle ohi aipagarriaren atalean bi sari banatu zituzten eta Jon Larragaña azpeitiarra eta Gorka Oregi elorriarra izan ziren sarituak. Biek Makina Erremintaren Museoko "Besarkada” oroigarria eta talaso-gastronomikorako bi lagunentzako bonua jaso zituzten saritzat.

    • JON LARRAÑAGA URDALLETA (LARRA MEKANIZATUAK-eko CEOa): IMHn Fabrikazio Mekanikoaren Produkzioaren Programazioko Heziketa Zikloa amaitu zuen 2003an. Makinetan lan egitetik, produkzioaren kudeaketara pasa zen eta azkenik erretiroa hartzeko asmoa zuten enpresa txiki bateko jabeei enpresa erosi zien, eta lau urte daramatza erronka berriari tira eginez. "Ekintzailetza, kemena, bere buruan sinistu izana eta oztopo guztien gainetik ametsari eustea" saritu dituztela jakinarazi sari emaleek.

    • GORKA OREGI ERRASTI (MEK-GROUPeko Ingeniaritza eta Plangintza arduraduna): IMHn Mekatronika Industrialaren Heziketa Zikloa amaitu zuen 2011n. Ondoren, enpresa munduko ateak zabalduko zizkiola-eta, Ingeniaritza Duala ikasi zuen. MEK-Group-ekin batera hazi da profesionalki, berrikuntza proiektu aurreratuetan lan eginez. "Berrikuntza, lidergoa eta ondo egindako lanaren balioa aitortu nahi izan dizkiogu", azaldu zuten IMHtik.

Ikasle aipagarrien atalean espediente onena eta elgoibartar espediente onena saritu zituzten. Biek 300 euroko sariak eskuratu dituzte:

  • IKASLE AIPAGARRIA: MAITANE ALBERDI MENDEZ. Goi-mailako Fabrikazio Mekanikoko Diseinua ikasi du azkoitiarrak, eta ALTEYCO-n egin du parte duala. Batez-besteko nota 9,64 izan da.
  • IKASLE ELGOIBARTAR AIPAGARRIA: ENEKO RUBIO RAMIREZ: Erdi-mailako Lan mantentze elektromekanikoa ikasi du, praktikak MTEen egin ditu eta batez-besteko nota 8 izan da.

Informazio osoagoa: www.imh.eus

2018 06 14 imh sariak elgoibar Jon Gorka Ixaka Imanol

2018 06 14 imh sariak 16 edizioa elgoibar maitane alberdi

2018 06 14 imh sariak 16 edizioa elgoibar eneko rubio*Argazkiak: IMH.