Hegaztien munduan barneratzeko aukera izan zuten Morkaikoren irteeran parte hartu zuten lagunek

Barren.eus 2018ko eka. 14a, 13:19

Hegaztiak ezagutzeko irteera antolatu zuen Morkaiko mendi taldeak, aurreko zapatuan, eta 34 umek eta nagusik hartu zuten parte.

Morkaikok Elgoibar eta inguruetako natura eta ondarea ezagutzeko antolatu zuen zikloko hirugarren irteera egin zuten ekainaren 9an, hegaztiak ezagutzeko irteera. Asier Sarasua biologo eibartarrk eta Ignacio Murgertza elgoibartarrak izan ziren irteerako gidariak. Irteeraren lehen zatian Andikano ingurura joan ziren, Deba ibai ertzean ikus daitezkeen txoriak ezagutzera. Habitat horretan aurki daitezkeen hegazti mota desberdinak, egiten dituzten habiak eta dituzten jokaerei buruzko azalpenak eman zikieten adituek irteeran parte hartu zuten lagunei. Bigarren zatian Beraseta aldera jo zuten, beste hegazti mota batzuen peskizan. 

• Espeleologia eta izarrak
Ekainaren 16rako antolatu du Morkaikok espeleologia irteera, 10 urtetik gorako haur eta gazteentzat. Hauei lur azpiko mundua ezagutaraztea da helburua Debako Ermittia Behekoa kobazuloan. Morkaiko-Lizarpe taldeko Evaristo Rodriguez eta Angel M. Tobajas izango dituzte gidari. Ekainaren 22an, berriz, izarrak ikustera joateko irteera egingo dute. Jokin Martinez gidari dutela unibertso eta eguzki sistemari buruzko azalpenak jasoko dituzte, baita, izarrak ikusten nola orientatu eta gure zeruan zer ikusten den ikasi ere. Bi irteeretarako izenemateak beteta daudela jakinarazi du Morkaikok.
Mendi bideak txukuntzeko auzolana
Elgoibarko Mendi Itzulia (PR- Gi-157) eta Sallobenteko Sekretuak (PR-Gi-156) mendi ibilbideak auzolanean txukuntzeko deia egin du Morkaiko mendi taldeak. Laguntzeko prest daudenei ekainaren 19an, martitzena, Errosario kalean duten egoitzara azaltzeko eskatu diete. Batzar bat egingo dute, 19:00etan hasita, egin asmo dituzten lanak antolatzeko eta zehazteko.

2018 06 09 hegaztiak irteera morkaiko elgoibar azkue

2018 06 09 hegaztiak irteera morkaiko elgoibar

2018 06 09 hegaztiak irteera morkaiko elgoibar 1