Gaur goizean Elgoibarko udaletxean egin duten Osoko Bilkuran 60 ikaslek hartu dute parte, Elgoibar Ikastola, Herri Eskola eta IES Aurreiturre Institutuaren ordezkari gisa. Meka Elgoibar eta IMH ikastetxeek ere parte hartu dutela proiektuan. Debabarrenako Eskola Agenda 21 Inguru gela eta Debegesa Garapen Agentziaren koordinaziopean egiten da. Egitasmoa Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen du.
Aurtengo ikasturtean ikasleek "Ura eta Deba ibaia" gaia landu dute eta horretarako, urtean zehar ekintza ugari egin eta herrian hobetu beharreko puntuak identifikatu dituzte. Osoko Bilkura Berezi hau izan da gaiaren inguruan landu dituzten proposamenak ezagutarazteko eszenatokia. Elgoibarko alkate Ane Beitia, losu Arraiz, Blanca Larrañaga eta Andrea Arriola zinegotziek eta lñaki Galdos udal idazkariari azaldu dizkiete euren proposamen eta kezkak. Elgoibarko alkate Ane Beitiak eta Hirigintza zinegotzi Iosu Arraizek erantzun dituzte ikasleek eginiko galderak. Udaleko ordezkariek eskerrak eman dizkiete ikaslei egindako lanagatik eta datorren urtera arte agurtu dituzte. Udalak luntx osasuntsua eskaini die ikasleei amaieran udaletxeko arkupeetan.
• 2017ko proposamenak martxan
Biodibertsitatea landu zuten iaz ikasleek Eskolako Agenda 21 egitasmoan. Elgoibarko Udaleko agintariek gaur jakinarazi dutenez, ikasleek iaz eginiko proposamen "gehienak" betetzen ari dira, edota "laster beteko dira". Honako hauek nabarmendu dituzte:
- Balkoietan loreak jarri erlategiak sustatzeko. Hortik sortu da, hain justu ere, balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketa.
- Moru mendiko brontze garaiko aztarnategia atondu. Egun Moru mendiko gailurreko aztarnategi arkeologikoaren eta bere mendi-hegalean dagoen Burdin Aroko herrixkaren aztarnak balorean jartzen ari da. Horretarako, pinuak talatu eta Moruko Burdin Aroko defentsa gunea zein gailurra iparraldetik hegoaldera gurutzatzen duen lubakiaren ibilbidea mugatzeko indusketa lanak egingo dira
- Oso erakargarriak ez diren fatxadak gutxitu. Diru-Iaguntza lerro berri baten bidez, Elgoibarko Udalak 75.000 euro bideratuko ditu fatxadak eraberritzeko.
- Elgoibarko paisaiaren eremu degradatuen inbentarioa eta berreskuratzeko plangintza egin. Zortzi urtean burutzeko ekintzak zehazten dituen Paisaia plan bat prestatu da. Guztira 28 ekintza biltzen ditu, horien artean, nabarmentzekoa da 2018an bertan martxan jarriko den kontrolgabeko isurketaguneak ixtearen ingurukoa.