IMHko lantegian CNC Torneatzea-Fresatze probetan parte hartuko dute zortzi ikastetxetako 21 ikaslek. Joan den astelehenean hasi zen lehia eta barixakuan amaituko da. Saio irekiak dira, allegia, herritarrek edo interesa duen edonork jarrai ditzake zuzenean. Horretarako IMHra deitu behar da, 943 744 132 telefono zenbakira, ordutegiaren berri izateko. Ikasle bakoitzak bi egun ditu bi proba osatzeko: pieza baten planoa emango diete, eta pieza hori egin beharko dute makinan, denbora jakin baten barruan. Parte hartzaileek txandak egingo dituzte makina erabiltzeko, ostirala bitartean, goizez eta arratsaldez.
IMHko hiru ikasle lehiatuko dira, hirurak fabrikazio mekanikoaren produkzioaren programazioko ikasleak. Gainerako ikasleak La Salle Berrozpe Andoain, Zulaibar Arratia, Egibide Gasteiz, Tolosaldea, Easo Donostia, Miguel Altuna Bergara eta Eibarko Armeria Eskolakoak izango dira.
• Elgoibarko bi ikasle Mekan egingo duten proban
Elgoibarko Meka Lanbide Eskolak Ibilgailuen Teknologia proba antolatu du EuskoSkills olinpiaden barruan. Eguaztenean, hilaren 9an, jokatuko dute, 9:00etatik 14:00etara Albitzurin dagoen zentroan. Mekako bi ikasle lehiatuko dira proba horretan, Xuban Balerdi eta Asier Markuerkiaga. Gainerako lehiakideak Oreretako Don Bosco ikastetxetik, Gasteizko Egibide ikastetxetik eta Iurretako Lanbide Heziketako ikastetxetik etorriko dira. Era berean, lehiakideen ikastetxeetatik hainbat lagun etorriko dira Elgoibarrera, ikaskideen lana zuzenean jarraitzera eta animoak ematera. "50 bat ikasle datoz Don Boscotik, 20 ikasle Egibidetik eta Mekakoak ehun inguru izango gara", azaldu du Gorka Mujika irakasleak. Etorriko diren ikasle guztiei bisita gidatua eskainiko diete Makina Erremintaren Museoan.
Lanbide heziketa munduan Skills izenarekin ezagutzen dira ikasleen artean egiten diren lehiaketak. Ikasitako praktikan jarri eta euren trebeziak erakusteko aukera izaten dute ikasleek. Espezializazioka antolatzen dituzte probak (industria, osasungintza, sukaldaritza eta abar). EuskalSkills probetako irabazleak SpainSkills proba jokatzeko sailkatuko dira eta onenak WorldSkills probetan lehiatuko dira. IMHk CNC probak antolatu ditu azken urteetan EuskoSkillsetan eta parte hartu izan duten IMHko ikasleek emaitza bikainak lortu dituzte, SpainSkills eta Worldskills olinpiadetarako sailkatzea lortuz.