Unibertsitate-master berri honek duela hogei urte Berrikuntzako Ingeniaritza Dualaren graduarekin hasitako goi-mailako unibertsitate-ikasketen ibilbidea osatzen duela azaldu dute IMHko arduradunek.
IMHko Digital Manufacturing Unibertsitate Masterra, gradua bezala, modalitate Dualean emango dute oso-osorik. "Eredu horrek badu abantaila bat: ikasleak, enpresak eta unibertsitateak elkarrekin jarduten dute, eta, hasieratik, pertsonaren garapenerako helburu bera dute. Unibertsitateaz gain, enpresa ere gaitasunak ikasteko eta garatzeko ingurunea da, eta modu aktibo, koordinatu eta planifikatuan integratzen da prozesuan. Gainera, prestakuntza-programako zenbait irakasgai proiektuetan oinarritutako ikaskuntza-metodologiaren bidez ematen dira", esan dute. Digital Manufacturingeko Unibertsitate Masterraren programan, hainbat arlotako prestakuntza ematen da: fabrikazio aurreratuko ingeniaritzaren gaitasun teknikoak (automatika, mekanika, elektronika,etab.), industria-antolaketako oinarriak, eta digitalizazio industrialaren behar berriak konektatutako fabrika adimendunetarako.
Masterrak 90 kreditu ditu, eta ikasle graduatu berriei zein enpresan 4.0 industriako proiektuak garatzeko helburu profesionalak dituzten langileei zuzenduta dago.
Masterrak irauten duen bi urteetan, ikasleek lan egin eta prestakuntza presentziala jasoko dute, industriaren arloan izen handia duten lekuetan: Elgoibarko IMHn, Tecnaliaren egoitzan Donostian, Elgoibarko IK4 – Ideko zentro teknologikoan, eta Zamudioko Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroan (CFAA).
Programa inguruko puntako enpresekin elkarlanean diseinatu du IMHk. Enpresa horiek edukiak zehazten lagundu dute, eta irakatsi egiten dituzte. Gainera, zenbait erakundetako irakasle eta profesional ospetsuek —eta euren ezagutza arloetan aitzindariek— ere hartzen dute parte.
• Informazio saioa maiatzaren 9an
Masterraren xehetasunak ezagutu nahi dituzten enpresa zein graduatuentzat informazio saioa egingo da IMHn maiatzaren 9n, 18:00etan. Informazioa www.imh.eus webgunean aurki daiteke.