Antolatzaileen esanetan, sexu aniztasuna modu baikorrean lantzea eta seme-alaben sexualitatearen garapenean laguntzeko tresnak eskaintzea da ikastaro hauen helburua. Martitzen honetan, apirilaren 17an, eta hurrengo astekoan, apirilaren 24an, eskainiko dituzte formakuntza tailerrak. Ikastaroa Kultur Etxeko Hitzaldi gelan (bigarren solairua) egingo da eta bi egunetan (apirilak 17 eta 24), bi saio egingo dira, 15:00etatik 17:00etara gazteleraz eta 18:00etatik 20:00etara euskaraz. Desirak SL-ko adituek zuzenduko dituzte saioak.
Parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena herriko ikastetxeetan, honako izenemate orria bete eta entregatuz, edo izenemate orri hau betez.
Elgoibarko gurasoei zuzendutako “Guraso formakuntza 2018” proiektuaren barruan antolatu dituzte saioak, Elgoibarko Udaleko Ongizate Sailak, Herri Eskolako Kalamua Guraso Elkartearekin, Ikastolako Guraso Kontseiluarekin, Haurreskolako gurasoekin eta Institutoko “Arreiturrekoak” Guraso Elkartearekin lankidetzan.
Edukiak:
- Zer ulertzen dugu sexualitateari buruz hitz egiten dugunean? Sexualitatea praktika genitalak baino haratago ulertzea, gorputzen, plazerren eta desiren bizipena baita.
- Aniztasun eta aberastasun sexuala: feminitateak/maskulinitateak, desirak, sexu eta genero identitateak...
- Telebista eta sare sozialen eragina: harreman ereduak.
- Harreman afektiboak: komunikazioa, adostasuna eta errespetua.
- Familien papera: Nola lagundu seme-alaben sexualitatean?
∞Lotura duten albisteak: