Irakasleen gehiengoak egin du bat grebarekin Elgoibarren eta Mendaron

Barren.eus 2017ko aza. 30a, 10:40

Unibertsitatez kanpoko euskal hezkuntza publikoan 28.000 irakasle daude gaur grebara deituak, "Irakaskuntza publikoa jasaten ari den murrizketei aurre egiteko". Elgoibarren eta Mendaron jarraipen zabala izaten ari da deialdia.

Azaroan zehar hezkuntza publikoko haurreskoletako, sukalde eta garbiketako eta heziketa bereziko langileek egin zuten greba, eta gaur, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta, 28.000 irakasle daude grebara deituta unibertsitatez kanpoko euskal hezkuntza publikoan. Elgoibarren eta Mendaron jarraipen zabala izan du lanuzterako deialdiak, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako zentroetan bereziki.
Elgoibarko Herri Eskolan irakasleen %90ak egin du greba. Mendaroko Ikastolan ere irakasleen gehiengoak egin duela greba jakinarazi dute. Elgoibar BHI institutuan irakasleen %63ak egin du bat grebarekin. IMHn 55 dira arlo publikoko irakasleak eta 26k egin dute greba. Meka Lanbide Eskolan irakasleen %28ak egin du greba (69 irakasletik 20k)

• Greba deialdia abenduaren 12rako
Lan-baldintza hobeagoen aldeko aldarrikapen eta mobilizazioekin jarraitzeko asmoa adierazi dute hezkuntza publikoko irakasle eta langileek. Hala, ELAk, LABek eta Steilasek gaur bertan erregistratu dute abenduaren 12rako greba deialdia Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan. CCOO eta UGT sindikatuek ere greba deitu dute egun horretarako.

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuen ustez, honako hauek dira egungo egoerari irtenbidea ematen hasteko adostu beharreko neurriak:

  • Egun BPGren %3,5eko den Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza inbertsio publikoa handitzea gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa ezarriz eta progresiboki UNESCOk gutxienekotzat jotzen duen %6ra iritsiz.
  • Azken urteetan eman den matrikulazio igoera, lan-kargen handitzeari eta ikastetxeen behar izanei aurre egiteko plantilak gutxienez 1.800 langiletan handitu.
  • Egun %38koa den behin-behinekotasuna, %6ra murriztu. Horretarako 6.000tik gora lanpostu egonkortuz kolektibo ezberdinetan.
  • Ikasle-ratioak %10 murriztea.
  • Soldata murrizketa eta %15 murriztu den irakasleen eros-ahalmena berreskuratzea (gutxienez 32.500 €ko galera metatua 2009tik Haur eta Lehen Hezkuntzan eta 41.100 € Bigarren Hezkuntzan).
  • Egun kasu askotan astebetera atzeratzen diren ordezkapenak lehen egunetik egitea kidego guztietan.
  • Bajak zigortzeari utzi eta lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.
  • Erretiroa errazteko eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.
  • LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.
  • Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).
  • Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko euskarazko murgiltze eredua garatzea.
  • Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.

greba mendaro ikastola irakasleak

greba irakaskuntza pub herri eskola elgoibar 3