Oin Alai egitasmoa laguntzaile berrien bila dabil proiektua indarberritzeko

Barren.eus 2017ko urr. 11a, 13:34

Oin Alaik Ikastolako 29 ume eta 14 boluntariorekin eta Herri Eskolako 23 ume eta 12 boluntariorekin eman dio hasiera 2017-2018 ikasturteari. Emaitzak "nahiko itxaropentsuak" direla adierazi dute egitasmoaren sustatzaileek. Edonola ere, azkeneko bi urteetan partaide kopurua, ume zein boluntarioak, handitu egin dela zehaztu duten arren, ez dela erlaxatzea komeni ohartarazi dute.

Honenbeztez, Oin Alaiko sustatzaileek, Elgoibarko Udalak eta ikastetxeek (Heri Eskola eta Ikastola) boluntario bezala parte hartzera animatu dituzte herritarrak. Parte hartu nahi duten helduek Ikastolan eta Herri Eskolan eman dezake izena.
• Oin Alai proiektuaren onurak
Programa honek adingabeei, gurasoei eta elgoibartarrei dakarzkien onurak anitzak direla gogora ekarri dute. Alde batetik, ikasleek autonomia lantzen dute, erneago iristen dira eskolara, ariketa fisikoa egiten dute eta lagunekin batera egiten dute eskolarako bidea.

Gurasoek, bestalde, ez dute kotxea erabili behar eta bide batez, ohitura jasangarri eta osasungarriak erakusten dizkiete euren seme-alabei. Halaber, herriko merkataritza establezimenduetan gastatzeko 50 euroko erosketa txartelak irabaz ditzakete.

Proiektua gainerako elgoibartarrentzako ere onuragarria dela azpimarratu dute, izan ere, ekimenari esker, ibilgailu gutxiago izango da kaleetan eta eskolako sarreretan eta autoek sorrarazten duten zarata ere murriztu egingo da.

∞ Lotura duten albisteak

 

 

oin alai elgoibar ikasturte hasiera petoa