Elgoibarko Pinparblue taldeak zazpigarren postua eskuratu du Espainiako WRO robotikako olinpiadan

Barren.eus 2017ko ira. 19a, 19:48

Naroa Rodriguez, Jone Navarro eta Claudia Arrillaga elgoibartarrek osatzen dute Pinparblue taldea zazpigarren postuan sailkatu da World Robot Olympiad barruan Murtzian jokatu duten Espainiako txapelketan. Hain zuzen, gaiarekin lotuta, Euskadiko I. Hekuntza Robotika Txapelketa egingo da zapatuan, Eibarko Astelena pilotalekuan.

Robotika eta oro har bokazio teknikoak gaztetxoen artean sustatzeko hainbat ekimen egin dituzte azken aldian Elgoibarren, uztailean egin zuten robotika eta bideojoko tailerra izan zen azkena, adibidez. Eta, hasi dira euren robotak eraiki eta programatzeko gaitasuna daukaten gazteak nabarmentzen. Iaz Euskadiko Robotika txapelketa irabazi zuten Naroa Rodriguezek eta Claudia Arrillagak, eta aurten, Jone Navarro euren taldera batu eta gero, World Robot Olympiad (WRO)  Gipuzkoa lehiaketan parte hartu zuten Donostian, Pinparblu izeneko taldea osatuz. Partaideek turismo jasangarria sustatzeko robota egin behar zuten. Galtzeko arriskuan dauden animaliak babestu eta turistak leku seguruetatik eramango dituen robota, hain zuzen ere. Guztira 17 ikastetxetako gazteek parte hartu zuten lehiaketan eta Pinparblue taldeak egin zuen robotak jaso zuen lehen saria, Elementary kategorian. Elgoibarko beste bi talde ere lehiatu ziren txapelketa horretan. Elgoibarko hiru talde horiek IMHren instalazioetan prestatu dituzte robotikako olinpiadok, Dolplay enpresako arduradunen gidaritzapean.
Gipuzkoako txapelketa irabazita, Espainiakoa joakatzeko sailkatu ziren Pinparblue taldekoak. Joan den irailaren 16an eta 17an jokatu zen Espainiako World Robot Olynpiad txapelketa, Murtzian. Costa Rikan jokatuko den munduko txapelketarako sailkapena zegoen jokoan Murtzian, horixe baitzen irabazlearentzako saria. Elgoibartarrek zazpigarren postua eskuratu zuten.

robotika elgoibar pinparbluepinparblue robotika elgoibar murtzian

• Euskadiko I. Hekuntza Robotika Txapelketa
Euskadiko I. Hekuntza Robotika Txapelketa egingo da zapatuan, Eibarko Astelena pilotalekuan, Gazterobotikaizenburupean - www.gazterobotika.eus. Robotikaren eta teknologia berrien inguruko topaketa izan nahi du Gazterobotika Txapelketak. 8 eta 16 urte bitarteko 100 bat gaztek eman dute parte hartzeko izena 37 taldetan banatuta; egitasmoaren baitan bideojoko eta robotika tailerrak eskainiko dira eta erakustaldiak egiteko gune bat egongo da, haur eta gazte guztiei zabalik: drone eta roboten erabilera, programazioa, 3D inprimaketa… Egitasmoa Eibarko Udalak sustatu du eta Debabarreneko Udalen atxikimendua jaso du. Hainbat erakunde eta entitateren babesa du ekimenak: SPRI, Gipuzkoako Foru Aldundia, Laboral Kutxa, Obra Social “la Caixa”, Kutxa Fundazioa, SD Eibar Fundazioa eta EPC enpresa.
Ekimena robotika arloan espezialista den Doplay enpresak antolatu du eta Debegesa eskualdeko garapen agentziaren esku egon da koordinazioa. Informazio osoagoa debegesa.eus
robotika eibar debegesa