Robotika eta bideojoko tailerrak egingo dituzte Elgoibarren uztailean

Barren.eus 2017ko eka. 27a, 11:34

Debabarreneko haur eta gaztetxoen artean bokazio teknikoen sustapenaren alde egiten diharduten apustuaren baitan, Debabarreneko Udalek, Debegesa garapen agentziaren koordinaziopean, hamar tailer teknologiko antolatu dituzte udarako eskualdeko herri ezberdinetan, tartean Elgoibarren.

Gazterobotika izena duen hezkuntza-egitasmo honen helburua da haur eta gazteen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikarekiko interesa piztea. Eibarko Udalak sustatu du Gazterobotika egitasmoa, eta horren barruan, Euskadiko I. Hezkuntza Robotika Txapelketa antolatu dute. Irailaren 23an izango da, Eibarko Astelena pilotalekuan. Robotikaren eta teknologia berrien inguruko topaketa izan nahi du txapelketak, doakoa eta Euskal Herriko gazteei zuzendua; eskola adineko haur eta gazteak (8 eta 16 urte bitarte) "motibatzea" du helburu, robotika eta programazio arloan lehen urratsak eman ditzaten, talde-lana eta arazoen ebazpena lantzearekin batera.
Udako tailerretan parte hartuko duten gaztetxoek txapelketan parte hartu ahal izango dute, eta eurek egindako lanak erakutsi.

• Elgoibarren uztailean
Debabarreneko zazpi herritan eskainiko dituzten robotika eta bideojoko tailerrak, eta hogei orduko ikastaroak izango dira, bost goizetan banatuta. Adinari dagokionez, 2001 eta 2009 urteen artean jaiotako haur eta gazteei daude zuzenduta. Talde lana sustatuz, gaztetxoek euren robotak eraiki eta programatuko dituzte; "teknologiarekin ikasi, jolastu eta ondo pasatzeko" aukera izango dute. Robotikaren mundua ezagutzeaz gainera, bideojokoak sortzen ere irakatsiko zaie. Tailerrak euskaraz egingo dira eta Doplay enpresak emango ditu.

  • Elgoibarren uztailaren 10etik 14ra eta uztailaren 17tik 21era eskainiko dute tailerra.

Tailerretan parte hartzeko 30 euro ordaindu beharko da (Udalek diruz lagundutako tailerrak dira). Plaza mugatuak dira. Izen-ematea zabalik da gazterobotika.eus webgunean. Informazio osoagoa: debegesa.eus

robotika tailerra elgoibar kartela