Udalak diru-laguntzak emango dizkie UEUren udaberriko ikastaroetan parte hartzen duten elgoibartarrei

Barren.eus 2017ko ots. 9a, 13:37

Aurreko urteetan bezalaxe, Elgoibarko Udalak diru-laguntzak emango dizkie Udako Euskal Unibertsitateak, Eibarko, Iruñeko eta Gasteizko egoitzetan, otsailetik maiatzera bitartean, eskainiko dituen ikastaroak egiten dituzten herritarrei (bertatik bertara eta on-line).

Elgoibarko Udaleko Euskara Sailak adierazi duenaren arabera, UEUk antolatu dituen ikastaroetara (eskuorria) joateko izena emateko epea “ikastaroak hasi baino astebete lehenago” bukatuko da.
UEUk aurtengo udaberrirako antolatu dituen ikastaroei buruzko informazio gehigarria nahi dutenek, 946 790 546 telefono zenbakira dei egin edo mezu bat bidal dezakete idazkaritza@ueu.eus helbidera. Eibarren programatutako ikastaroak, bestalde, Isasi-Markeskoa jauregian emango dira (telefonoa: 943 821 426, markeskoa@ueu.eus).
Elgoibarko Udalaren Euskara Sailaren diru-laguntzei dagokienez, aditzera eman behar da, Udalak matrikularen kostu osoa ordainduko diela Elgoibarko ikasleei, langabeei, pentsiodunei eta jubilatuei. Horretaz gain, matrikularen kostuaren erdia ordainduko die lanean diharduten pertsonei.
Informazio gehiago lortu nahi dutenek Elgoibarko Udalaren Euskara sailera jo beharko dute (Kalebarren plaza 3, 1. ezk., 20870 Elgoibar, 943 74 43 66, euskara@elgoibar.eus).
♦ Hona hemen, UEUren udaberriko eskaintza (informazio osoa loturetan):

On-line
•    Euskal Mitologia: kultura ondarea.
•    Kolorezko zenbakiak. Matematika lantzen erregleten bidez.
•    Lurraldea ulertu eta aztertzeko beste modu bat. GIS librea eta Geoprozesamendua (QGIS).
•    Nola hezi genero-berdintasunean eskolaren eremuan.
•    Sormen laborategia.

Ikasgelakoak
•    Adimen emozionala. (Iruñea)
•    Adingabeak eta internet: arriskuak eta nortasun digitala. (Eibar)
•    Argazkigintza digitala: zure reflex kamera ezagutzen. (Iruñea)
•    Bizitzaren eskola: askatasunerako pedagogia.(Eibar)
•    Bulba duten mutilak eta zakila duten neskak, haurren eta gazteen artean. (Iruñea)
•    Euskararen biziberritzea: marko, diskurtso eta praktikarako aukera berriak birpentsatzen. (Gasteiz)
•    Galerak, heriotza eta dolua haurren hezkuntzan. (Eibar)
•    HTML aurkezpenak egiten Reveal.js plataformarekin. (Eibar)
•    Psikomotrizitatea, mugimendu eta joku librea. (Iruñea)
•    TELP (taller d´espai lingüístic personal) tailerra. (Eibar)