IMHko arduradunek adierazi dutenez, Makina erremintaren testuinguruan landutako doktore-tesi honen aurkezpena “aurrerapauso” bat gehiago da ikastetxearen bilakaeran. “IMH sortu zenean, duela 26 urte, Lanbide Heziketako eskola arrunta zen, erreminta makinan espezializatua. Orain dela bost urte, baina, Euskal Herriko Unibertsitatera batu ginen. Adierazle berri bat IMHren eboluzioan. Eta unibertsitate egoitzek bakarrik duten eskubidea erabili dugu orain, tesiak garatu eta aurkeztekoa, alegia”.
Hala, Xabier Cearsolo elgoibartarrak garatu du estreinako doktorego tesia IMHn: “Diamantagailuaren Higaduraren Azterketa Esperimentala Artezketa Prozesuan". Tesiaren lanketa UPV/EHUko Ingeniaritza Eskolaren Mekanikako Sailaren zuzendaritzapean egin du Cearsolok, eta IMHko lantegietan eta EHUko laborategietan garatu ostean, epaimahaiaren aurrean defendatu zuen, joan den otsailaren 3an, IMHko areto nagusian. Tesia eta tesiaren defentsa euskaraz egin ditu Cearsolok.
UPV/EHUko Doktorez osatutako epaimahai buruak, Aitzol Lamikizek, zoriondu egin zituen IMH eta doktore berria: "Elgoibarren, makina erremintaren bihotzean, honelako tesi bat entzutea pozgarria da, eta ohore bat epaimahai buru egokitu izana".
Lamikizek, era berean, eskerrak eman zizkion IMHri, eta zorionak eman zizkion eremu honetan egiten diharduten lanagatik, Euskal Herriko Unibertsitatearekin urte askoan izan duten elkarlanagatik, tesia euskaraz egin izanagatik, eta arlo teknologikoan ekarpen garrantzitsuak iragartzen dituen tesia delako. Era berean, doktore-tesiaren laburpena ere goraipatu zuen, “oso egokia eta irakurle orokorrarentzat ulerterraza” dela-eta.
- Informazio osoagoa: imh.eus