Joan zen barixakuan Kiva eguna ospatu zuten ikastetxean bertan, eta besteak beste, Kiva hitza irudikatu zuten umeekin Elgoibar Ikastolako pistan (beheko argazkian), eta jazarpenaren kontrako muralak margotu zituzten. Ikasleez gain, irakasle eta gurasoekin ere egingo dute lanketa, eta dagoeneko egin dituzte guraso formazioak.
Finlandiako Turkuo Unibertsitatean garatutako proiektua da, bertako Hezkuntza Sailaren eta Kultura Ministerioaren laguntzaz. Kivak bi eremu desberdinetan egiten du lan: prebentzioan eta esku-hartzean. Programa honek prebentzioa funtsezkoa dela ulertzen du, baina ez du ahazten jazarpen kasuei ere aurre egin behar zaiela. Horretarako, Kiva programak erantzun “eraginkor, azkar eta sistematiko bat” errazten duten baliabideak eskaintzen ditu. Euskal Herriko hainbat irakasle Finlandian izan ziren hango eredua bertatik bertara ezagutzeko, eta horietako bat da Jon Vazquez Elgoibar Ikastolako orientazio departamentuko kidea. Aurrerantzean geletan ikasleekin, irakasleekin, gurasoekin eta oro har, ikastetxeko langile guztiekin egingo dute lanketa. Jabier Larrañaga Ikastolako zuzendariak eta Jon Vazquezek programaren nondik norakoak azaltzen dituzte honako bideoan.