EuskoSkills olinpiadetako zenbait proba Elgoibarko Meka eta IMH ikastetxeetan jokatuko dituzte

Barren.eus 2016ko aza. 29a, 14:01

Lanbide Heziketako EuskoSkills 2016 olinpiadak jokatzen dihardute asteon Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat ikastetxetan. Barixakuan, abenduaren 2an, Elgoibarko Meka eta IMH ikastetxeetan jokatuko dira proba horietako gehienak. Era berean, IMHko ikasle ohi Jon Lapeirak, Gotebörg-en (Suedia) jokatuko diren EuroSkills 2016 proban hartuko du parte.

Elgoibarko Meka Lanbide Eskolak “Kolpe-Leungo konpontze lanak”, “Autoko teknologia”, “Autoko margotze lanak”, eta galdaragintza arloekin lotutako probak antolatuko ditu EuskoSkills 2016 probetan. Guztira, 21 ikasle lehiatuko dira Mekak antolatutako lau proba horietan. Hain zuzen ere, Aretxabaleta Lanbide Eskola (Aretxabaleta), San Viator (Sopuerta), Egibide (Gasteiz)  On Bosco (Orereta) eta Elgoibarko Meka Lanbide Eskolako (Elgoibar) ikasleak. Mekako irakasleek prestatutako probak gainditzen saiatu beharko dute guztiek. “Probak antolatu ahal izateko inguruko zenbait enpresen laguntza izan dugu eta eskerrak eman nahi dizkiegu Besa, Bernardo Ecenarro S.A, Würth, Praxiar, Gurdi Koop., Soldegui S.L eta Car-avant enpresei”, azaldu dute Mekako arduradunek. Era berean, jakinarazi dute, ikasleen motibazio eta parte-hartze sustatzeko antolatzen direla era honetako lehiaketak, eta baita Lanbide Heziketan egiten diharduten lana ezagutzera emateko ere. 09:00etatik 13:30era bitartean jokatuko dira proba guztiak Mekak Albitzuri industriagunean duen eraikinean.

 skills meka elgoibar irakasleak

• CNC Tornu proba IMHn

IMHk, berriz, CNC tornu proba antolatuko du Euskoskills barruan. “EuskoSkills probak 2012an egin ziren azkenekoz eta orduan ere proba hau antolatu genuen”, gogora ekarri dute. IMHko hiru ikaslek hartuko dute parte proba horretan: Getariko Jon Peña Aranguren, Zumaiko Ion Iriondo eta Azpeitiako Eneko Barkin Agirre. IMHko irakasle Igor Larrañagarekin prestatu dira probarako. 

• Jon Lapeira EuroSkills probetan lehiatuko da Suedian

EuroSkills 2016 proba jokatuko da abenduaren 1etik 3ra bitartean Goteborg (Suedia) hirian eta IMHko bi ikasle ohik hartuko dute parte, lehiakide bezala batak eta tutore moduan besteak. Jon Papeira eta Iñaki Hernandez dira, azpeitiarrak biak. Esperientzia handia dute biek era honetako lehiaketetan. Urrezko dominak eskuratu zituzten SpainSkills probetan eta Lapeirak WorldSkills proban ere hartu zuen parte iaz. Izatez, munduko proba baino lehenago jokatu behar zen Europakoa, baina aurrekontu arazoak medio, abendu honetara atzeratu dute. Hernandezen laguntzarekin prestatu du proba Lapeirak. 

Nabarmentzekoa da IMHko ikasleek presentzia eta emaitza bikainak lortu izan dituztela "lanbide heziketako olinpiada" deiturikoetan parte hartu izan duten bakoitzean. Hernandez eta Lapeiraz gainera, Larraitz Urangak ere bi urrezko domina eskuratu zituen 2011n, EuskoSkills eta SpainSkills probetan, eta urte hartako WorldSkillsetan ere hartu zuen parte. Asier Iraetak ere zilarrezko domina lortu zuen Spainskills proban. 

eusko skills imh elgoibar 1

eusko skills imh elgoibar