Sexualitateari buruzko tailerra, Elgoibarko gurasoei zuzendua

Barren.eus 2016ko aza. 6a, 14:41

“Sexualitateari buruz solasean: autoestima, errespetua, hezkidetza eta emozioak”  izenburupean, Lilima Sexologia Taldeak bi saioz osatutako tailer bat eskainiko du, bata azaroaren 9an eta bestea 16an.

Urriko “Doluak eta galerak” izenburudun lehenengo saioaren ostean, Elgoibarko gurasoentzako formakuntza jardunaldien bigarren saioan sexualitatea izango dute mintzagai. Hala, “Sexualitateari buruz solasean: autoestima, errespetua, hezkidetza eta emozioak”  izenburupean, Lilima Sexologia Taldeak saioz osatutako tailer bat eskainiko du, bata azaroaren 9an eta bestea 16an, 18:00etatik 20:00etara bitartean, Elgoibarko Kultur Etxeko hitzaldi gelan (2.solairua).
Hitzaldia elebidun izango da, Haur Hezkuntza (HH) eta  Lehen Hezkuntzako (LH) haurrak dituzten gurasoei zuzenduta dago, eta hurrengo helburuak bilatzen ditu, besteak beste:

  1. Gure seme alabek sexualitatearekin bizi dituzten egoerak ulertzea.
  2. Gizartean ematen diren hainbat topiko, estereotipo, aurreiritziak....modu kritikoan aztertu eta landu.
  3. Gurasoek haurrekin eta helduekin agertzen duten sexualitatearekiko jarreren garrantzia.
  4. Seme alabekin sexualitateaz hitz egiterakoan baliagarriak diren kontzeptuak lantzea; intersexualitatea, identitate sexuala, orientazio sexuala, sexua, erotika...
  5. Seme alaben adin bakoitzak dituen ezaugarriak ezagutu, sexualitatearen garapenari buruzko informazioa eskaintzeko.
  6. Helduok jaso dugun hezkuntza sexualaren azterketa, hau zalantzan jarriz, ikasi ahal izateko.
  7. Hezkuntza sexuala egitea, autoestimua, hezkidetza, tratu onak, emozioen kudeaketa lantzea da.
  8. Etxean hezkuntza sexuala martxan jartzeko hainbat argibide.

• Izena emateko
Elgoibarko Udalak, Elgoibar Ikastolako Guraso Kontseiluak eta Herri Eskolako Kalamua Guraso Elkarteak elkarlanean antolatu dituzte Elgoibarko gurasoentzako formakuntza jardunaldiok. Sexuliatateari buruzko saioetan parte hartzeko, guraso interesdunek, azaroaren 7a baino lehen eman beharko dute izena, ikastetxeetako idazkaritzetan edo/eta kalamua@googlegroups.com helbidera e-posta bat bidaliz.
“Kirola heziketa tresna” jardunaldia, abenduan
Formakuntza jardunaldiek jarraipena izango dute abenduan ere. Unai Arrietaren eskutik, “Kirola heziketa tresna” izeneko mintzaldia eskainiko da abenduaren 2an eta 16an, . LHko haurrak dituzten gurasoei zuzenduta dago batez ere eta kirolak heziketa tresna gisa duen garrantziaz arituko da Arrieta. Kasu honetan ere, bi ordu inguruko bi saio izango dira, 18:00etatik 20:00etara, Kultur Etxeko hitzaldi gelan.