Euskal Zientzia Olinpiadetan eta Espainiako Fisika eta Kimika Olinpiadetan lau domina eskuratu ostean lortu zuen Gillermo Hijanok XXI. Iberoamerikako Kimika Olinpiadetan parte hartzeko sailkapena. Kolonbiako Bogota hiriak hartu du lehiaketa, Hego Amerikako herrialdea une historikoa bizitzen ari den sasoian, izan ere, bakea lortzeko akordioa sinatu dute egunotan Kolonbiako gobernuak eta FARCeko buruek. Hartu beharreko segurtasun neurriei buruzko ikastaro bat jaso zuten Olinpiadetan parte hartu zuten ikasleek, baina osterantzean Kimika olinpiadetan buru belarri murgilduta ibili direla azaldu du Guillermoren aita Jesusek.
•Proba teorikoa eta praktikoa
Lehiari dagokionean, bi proba jarri zizkieten ikasleei, laborategian egin beharreko ariketa praktikoa bata eta azterketa teorikoa bestea, biak bost ordutik gorakoak. Guillermo Hijanok azaldutakoaren arabera, Kimikako karrera osoan ematen diren ikasgaiak sartu zitezkeen azterketan: kimika analitikoa, organikoa, ez-organikoa, biokimika, kimika fisikoa eta teknika esperimentalak, besteak beste. Olinpiadak prestatzeko astebeteko egonaldia egin zuten Espainiako ordezkariek Madrilen. Bitxikeria modura, Espainiako Gobernuko presidenteorde izandako Alfredo Perez Rubalcaba izan zuten irakasleetako bat, kimikan doktorea baita politikari ohia. Egunero zortzi ordu eskaini zizkioten Olinpiadak prestatzeari, baina ikasgai asko lehenengo aldiz eman zituen Hijanok. Izan ere, parte hartzaileen artean gazteena izan da elgoibartarra. 16 urte dauzka eta 19 urte gainerako parte hartzaileek. Batxilergoko bi urteak ikasturte berean egin ditu IES Mutriku BHI ikastetxean eta irailean hasi da Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu bikoitza ikasten EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean, Leioan. Hortaz, ahalegin berezia egin behar izan du kimika ikasteko.
•Maila handia
Iberoamerikako Olinpiadetan parte hartu duten hamazazpi herrialdeetako ikasleetako batzuek urte osoan aritu dira olinpiadak prestatzen. “Argentinarrek, esaterako, urte sabatikoa hartu dute olinpiadak prestatzeko”, azaldu du Hijanok. Bi ikasle argentinarrek, hain justu ere, eta beste bi mexikarrek lortu zituzten urrezko dominak. Guillermo Hijanok ez zuen urrezko, zilarrezko edo brontzezko dominarik lortu, baina ohorezko aipamena jaso zuen bost ikasleetako bat izan zen. Esperientzia aberasgarria izan dela dio ikasle elgoibartarrak. “Herrialde askotako ikasleak ezagutzeko aukera izan dut, euren ohiturak, bitxikeriak eta beste hainbat kontu ikasi ditut elkarrekin pasa ditugun egunotan”.
- Guillermo Hijanok lau domina eskuratu ditu Zientzia Olinpiadetan (2016-05-24)
- Urrezko domina Alberto Hijanorentzat Kimikako Espainiako Olinpiar Jokoetan (2014-04-28)
- Alberto Hijanok zilarrezko domina eskuratu du Fisikako Espainiako Olinpiar Jokoetan (2014-04-09)
- Euskal Herriko Fisikaren Olinpiar Jokoak irabazi ditu Alberto Hijano elgoibartar gazteak (2014-03-13)
- Guillermo Hijanok ohorezko aipamen berezia jaso du Espainiako Olinpiada Matematikoan(2013-06-28)
- Guillermo Hijanok irabazi ditu 11. Olinpiada Matematikoak (2013-05-23)
- Alberto Hijano, txapeldun olinpikoa matematiketan (2011-06-01)