Robotika lantzeko bi tailer berri antolatu ditu Elgoibarko Udalak

Barren.eus 2016ko ira. 15a, 10:00

Elgoibarko Udalak bi robotika tailer antolatu ditu, industria sektorea bultzatzen jarraitzeko helburuarekin. Iaz hasitako bidetik, Robotika Dibertigarria izeneko tailerra da bata; eta, berrikuntza moduan, hamalau urtetik gorako gazteentzat pentsatutako bigarren tailer berri bat ere antolatu dute, Robotika Digital Open Lab izenekoa. Irailaren 23ra arte egongo da zabalik izena emateko epea.

Bi ikastaroak irailaren 30ean hasi eta 2017ko maiatzaren 28an bukatuko dira. Elgoibarko Udalak Bilboko Camp Teknologikoko irakasleekin lankidetzan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker, 7 eta 15 urte bitarteko umeei zuzendutako zenbait tailer teknologiko jarri zituen martxan iaz. Antolatzaileen esanetan, parte hartzaileek programazioarekin, robotikarekin, muntaiarako abileziarekin... lotutako proiektuak landu zituzten modu dibertigarrian eta jolas-giroan.
Ikasturte berri honetan jarraipena izango dute robotika tailerrek. Robotika Dibertigarriaz gain, berritasun gisa, 14 urte baino gehiago dituztenei zuzendutako eta industria 4.0n murgilduko den Robotika Digital Open Lab izeneko tailerra nabarmendu dute antolatzaileek.

  • Robotika Dibertigarria Arreiturre Institutuan egingo dute barixakuetan, 17:30etik 19:30era; eta, zapatuetan, 11:00etatik 13:00etara. Tailer hauetan, robotika, programazioa, teknologia eta bideo-jokoen bidez, balio didaktiko eta hezitzaileak sustatu nahi dituzte umeengan.
  • Robotika Digital Open Lab izeneko tailerra barixakuetan, 18:00etatik 20:00etara, eskainiko dute Enpresa Txiki eta Ertainen Berrikuntza Aplikaturako Zentroan, IMHko Asmaola eraikinean. Ekimen honen bidez, gazteek puntako teknologietarako sarbidea izango dute, eta hezitzaile batzuen laguntzaz, erabilera profesionaleko erremintak ezagutuko dituzte. Modeloak egiten ere ikasiko dute, horrela, eskualdeko enpresa teknologikoetan erreminta horiek zelan erabiltzen diren ikasiz.

•Izena emateko

Ikastaroetan izena emateko epea irailaren 23ra artekoa da honako helbidean: www.elgoibar.eus/Robotika.html. Tailer bakoitzaren prezioa 36 euro ingurukoa izango da hileko eta ikasleko (izena ematen duten ikasle kopuruaren arabera aldatu daiteke).
Informazio gehiagorako:

  1. Elgoibarko Udala: 943 741 050 – miriam@elgoibar.eus
  2. Camp Tecnologico: 669 806 332 / 686 510 900 – info@camptecnologico.com

robotika elgoibar maiatzak28 1