Asmaola eraikina inauguratu du IMHk

Barren.eus 2016ko api. 19a, 16:44

IMHk eraikin berria inauguratu du gaur arratsaldean, Asmaola izenekoa. Eraikin honen bitartez, IMH gai izango da modu egokiagoan erantzuna emateko bai Elgoibarko eta inguruko enpresen beharrei, bai industrian formatzen diren pertsonen beharrei. Iñigo Urkullu lehendakaria buru, erakundeetako, enpresetako, eta unibertsitate alorreko hainbat ordezkari izan dira gaurko inaugurazioan.

Goi-mailako inaugurazioa izan da gaur Elgoibarko IMH ikastetxean. Izan ere, herri erakundeetako, enpresetako eta mundu akademikoko ordezkari ugari gerturatu dira IMHra Asmaola eraikin berria inauguratzera. Iñigo Urkullu lehendakaria, Xabier Ortueta IMHko lehendakaria, Markel Olano diputatu Nagusia eta Ane Beitia alkatea izan dira inaugurazioan.

Jaurlaritzak garrantzi berezia eman dio ekitaldiari, lehendakariaz gain beste hiru sailburu ere etorri baitira: Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua, Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua eta Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua. Horiez gain, enpresa-buruak, Unibertsitate alorreko arduradunak, eta ekonomia alorreko hainbat ordezkari ere izan dira Elgoibarren.

•IMHren 25. urteurrena

Asmaola eraikinaren inaugurazioa IMHren 25. urteurrenean etorri da. Instalazio berri hauen bitartez, Lanbide Heziketako Sistematik enpresentzat berrikuntza aplikatuaren TKgune estreategia berria aurkeztu nahi izan dute. Asmaola proiektu bat da, urte batzuetako ibilbidea duena eta denboraren poderioz hazi egin dena. IMH proiektuaren aitzindari bada ere, Lanbide Heziketako 13 zentrok osatzen dute.

Sarean lan eginez eta beste sektoreetan diharduten beste zentro batzuekin lanak partekatzen dituzte. Guztia TKgune Fabrikazioa proiektu estrategikoan.

Asmaola eraikina eta instalazioak erabiltzen dituzten irakasleek fabrikazio prozesuen berrikuntza zentroa osatzen dute, eta estrategia baten parte dira: TKgune Fabrikazioa, Lanbide Heziketako 13 ikastetxeren baliabideak biltzen dituena (IMH, Usurbil, Txorierri, Egibide, Somorrostro, Tolosaldea, La Salle Berrozpe, Goierri, Bergara, Elorrieta Erreka Mari, Bidasoa, Oteiza eta Lea Artibai).