Elgoibarko emakume zientzialariek eta Bizilabe Elgoibarko 10-14 urte bitarteko gazteek zientzia alorreko ideiak trukatu dituzte. Miren Agirre, Nagore Ruiz de Escudero, Amaia Gabilondo, Ane Garmendia, Ana Carolina, Eva Rodriguez eta Iraia Silva dira parte hartu duten emakume zientzialariak.
Parekoen topaketa Elgoibarren egiten den bigarren aldia da, Elgoibarko Udalak eta Elhuyarrek sustatutako Bizilabe Elgoibar ekimenaren baitan. 2019an jarri zuten abian egitasmo hau. Eskolaz kanpoko jarduera da eta gazteek zientzia eta teknologia lantzen dituzte. Arlo horietako bokazioak pizteko aisialdian egiten diren ekintzek "eragin handia" dutela diote sustatzaileek. "Ondorioz, oso garrantzitsua da Elgoibarko erakunde desberdinen arteko saretzea: instituzio eta erakundeak, ikastetxeak, enpresak, familiak, e.a., eta saretze horren emaitza da, besteak beste, 'Parekoen Topaketa'". Ekimen honetaz gain, Bizilabeko gazteek, urtean zehar ikertzaileen bisitak jasotzen dituzte eta Elgoibarko enpresetara bisitak egiten dituzte.