Agur Gernikako bonbardaketaren lekuko zuzen bati

Barren.eus 2016ko api. 1a, 15:56

Joan den eguaztenean, hilaren 27an, zendu zen Manuel Jauregi Arriola, 92 urte zituela. Manuelen gurasoak (aita elgoibartarra eta ama eibartarra), Gernikara joan ziren Lehen Mundu Gerran, eta han jaio zen Manuel, lau anai–arrebetatik nagusiena. Gernikako bonbardaketatik bizirik atera zen.

Gernikaren bonbardaketaren 79. urteurrena beteko da apirilaren 26an. Lekuko zuzena izan zen Manuel Jauregi. 1937ko apirilaren 26an, Francoren aliatu alemaniarren aire armadako Condor legioak Gernikako binztanlego zibilaren aurkako erasoa burutu zuen. Astelehena zen, azoka eguna herri bizkaitarrean. Bonbardaketa eguerdiko hiru t´erdietan hasi eta arratsaldeko zazpi t´erdiak arte luzatu zen. Ondorioz, Gernika txiki txiki eginda geratu zen eta datu ofizialik ez dagoen arren, bada 1.600 lagun hil zirela, esaten duen historiagilerik ere. 

Egun hura nola oroitzen zuen azaldu zion Manuelek BARRENi, Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrenaren harira, 2007an, eginiko elkarrizketan. “Nik garai hartan, 14 urte nituen, artean gaztea izanik, beste hiru lagunekin batera, egun hartan mendian ginen. Gogoan dut oraindik motor zaratia; zelan itsaso aldetik etorri ziren abioiak, hirunaka eta nola hasi ziran bonbak jaurtitzen. Ni gehien izutzen ninduena, bonbek lurrera erortzean ateratzen zuten txistu hotsa zan. Demaseko lehergailuak ziran, 8 metrotako diametroa zuten. Asturiar miliziar batek, dinamitaria zenak, kontuz ibiltzeko esan zigun eta laguntasun handia eman zigun”. (Ikus hemen elkarrizketa osorik -PDF-)

Manuel Jauregi duela 55 urte etorri zen Elgoibarrera bizitzera. Besteak beste, PSE-EE alderdiko zinegotzi izan zen Elgoibarko Udalean eta baita Jubilatuen Biltokiko presidentea ere 1985etik 1993ra bitartean. San Bartolome elizan egingo dute haren aldeko hileta elizkizuna, gaur, 19:00etan.