40 urte beteko dira sanbartolomeetan Elgoibar eta inguruak urak hartu zituenetik

Barren.eus 2023ko uzt. 28a, 11:31

Abuztuaren 26an 40 urte beteko dira 1983ko uholdeetatik. Urte hartako sanbartolomeetan goian-behean egin zuen euria inguru honetan, eta Deba ibaiak gainezka egin zuen, elgoibartarrek Umeen Eguna ospatu behar zuten egunean. Egun hartan lanean jardun zen Txomin Mujika eguerdira arte, baina Kalegoen plazan ura pilatzen ari zela ikusita, hilabete aurretik erosia zuen bideo-kamera hartu eta grabatzeari ekin zion. BARRENera ekarri du egun hartako grabazioa, eta irudi haiekin eta Txomin Mujikaren orduko oroitzapenekin beste grabazio bat osatu dugu 40. urtemugaren karietara.

1983ko uztailean erosi zuen Txomin Mujikak estreinako bideo-kamera, baina ez zuen asko usteko hilabeteren buruan dokumentu historikoa grabatuko zuenik harekin. Historikoa baita Barrenera ekarri digun bideoa, garai hartan ez baitzen gaur beste sakelako telefono eta kamera bazterretan, eta ur handiek Elgoibarren eta Mendaron eragin zuten triskantzako argazkiak erakutsi izan ditugun arren, bideoan eman gabeak ginelako artean orduko irudirik.

Txomin Mujikak kontatu du sekula ahaztuko ez duen eguna izan zela 1983ko abuztuaren 26a. Aurretik (1953an) eta gerora ere (1988) hartu zuen urak Elgoibar, eta 88ko uholdeek gainera, dezentez kalte handiagoak ere eragin zituzten, tartean bederatzi heriotza, baina duela 40 urtekoak jaietan harrapatu zuen herria, sanbartolomeetan.
Euria goian-behean egin zuen sanbartolome haietan. Ondorioz, ekintza asko bertan behera laga behar izan zituzten. Kalejiran irten bai-ez ibili zen San Bartolome Egunean Erandioko udal musika banda, esaterako, eta abiatzeaz batera hasi zuen euria, euri zaharra. Ez zuten aurrera egin. Udal korporazioak eta udal txistulari bandakoek, berriz, saltaka egin zituzten egun hartan udaletxetik parrokiara arteko metroak, mezetara iristeko, eta arratsaldean Kalegoen plazan jokatzekoa zen pilota partida ez zen jokatu. Bustitik esnatu zen Txiki Eguna ere, eta ekintzak gutxitu arren, jai-giroan jarraitu zuten herriko kuadrillek.
Gau hartan, baina, Maalan gainezka egin zuen ibaiak. "Amaitu ziren berriketak". Biharamunean lan-eguna zuten Kutxan eta eguerdira arte aritu zen lanean Mujika, Santa Ana kaleko bulegoan. Eguneko jarduna amaitzerako, baina, Deba ibaia gainezka egina zen Goiko-Errota parean eta Santa Ana kalean behera zetorren ura. "Saltaka joan nintzen elizako arkupeetaraino eta handik begira egon nintzaion urari. Hain nengoen harrituta ez nintzela jabetu kamera neramala gainean". Ura goraka, eta kalean behera, itsasoa. Kamera hartu eta Melitongo zubira arteko bidean ibili zen Txomin Mujika irudiak hartzen. "Plazan hartu nituen lehenengo irudiak, eta gero, estaziotik Armuetaneko harategia dagoen kalezulora joan nintzen, bigarren solairu batera igo, eta San Bartolome kalea grabatu nuen. Kale laua dela pentsa daiteke, baina ikustekoa zen urak zekarren indarra han behera. Plaza txikitik Loritoneko aldapara jo nuen gero eta handik Maalara. Ez nintzen joan San Pedroko etxeetaraino, baina uste dut hangoa desastrea izan zela; sekulako kalteak eragin zituen urak. Melitongo zubi pareraino iritsi nintzen ni. Maalako zubia gainetik pasatzen zuen urak, eta gaur udaltzainak dauden pare horretan zegoen zubia ere bai. Iriondo tabernako teilaperaino iristen zen ura. Kutxak bi bulego zituen Elgoibarren orduan. Santa Ana kalekoan, metro beteko altuera hartu zuen urak, baina Foteroneko parean geneukan bulegoan hondamendia eragin zuen. Beldurgarria izan zen, eta ez dut ezer esango Mendarotaz. Han zer izan zen! [Mendaroko Garagartza auzoan 4,5 metroko altuera hartu zuen urak]". Kaleak urak hartuta, eta etxean urik gabe utzi zituzten kolpetik elgoibartarrak, eta argindarrik gabe eman zituzten orduak.
Ufalen ondorengo egunak ez ziren askoz hobeak izan. Lucio Beitia zen sasoi hartan Elgoibarko alkatea [Urte hartako maiatzean hartu zuen kargua] eta berak kontatua da hiru egun egin zituela botak erantzi gabe. Hondeamakinak inguratu zituzten handik eta hemendik, kalean pilatutako lokatza kentzeko eta auzolanean jardun ziren Elgoibarren ere lokalak hustu eta bazterrak garbitzen. "Akordatze hutsarekin orduko usaina etortzen zait neri. Hezurretaraino sartzen den ants hura", oroitu du Mujikak. Lau egunetan, 297 litro ur bota zuen metro koadroko Elgoibarren, eta kalte materialak handiak izan ziren. 24 familia etxerik gabe gelditu ziren eta 1.200 milioi pezetako kalteak zenbatu zituzten. Hondamendi eremu izendatu zuten Elgoibar.
1988koak beste kontu bat izan ziren. Uztailaren 19a zen, eta pare bat orduan 170 litro ur bota zuen Elgoibarren metro koadroko. "1983koetan euri asko egin zuen egunetan, baina 88koa kolperakoa izan zen. Akordatzen naiz eguzki galanta egin zuela egun hartan eta Kutxako lankideekin bazkaria egin genuela guk San Pedron. Gero, derrepentean, dena ilundu zen eta hura zen euria bota!. Buru gainean itsasoa izan eta derrepentean zulatuko balitz bezala izan zen. Menditik behera etorri zen ura eta aurrean harrapatu zuen dena eraman zuen aurrera. Ikaragarria izan zen", gogoratu du.

Argazkiak:Roberto Andonegi. (Inork 83ko ufaletako argazkirik balu, eta hemen partekatu nahiko balitu, BARRENeko telefonora bidal ditzake irudiak: 688 65 658.

2023 07 28 ufalak 83 elgoibar BARREN kalegoen 1

2023 07 28 ufalak 83 elgoibar BARREN kalegoen b1

2023 07 28 ufalak 83 elgoibar BARREN

2023 07 28 ufalak 83 elgoibar BARREN deba ibaia zubia

2023 07 28 ufalak 83 elgoibar kalebarren

2023 07 28 ufalak 1983 txomin mujika bideoa

2023 07 28 ufalak 83 elgoibar BARREN errepidea

2023 07 28 ufalak 83 elgoibar BARREN guass

2023 07 28 ufalak 83 elgoibar BARREN kingkong

2023 07 28 ufalak 83 elgoibar BARREN maala iriondo

2023 07 28 ufalak 83 elgoibar BARREN lerun sanpedro

2023 07 28 ufalak 83 elgoibar BARREN maala deba ibaia

2023 07 28 ufalak 83 elgoibar BARREN txarriduna

2023 07 28 ufalak 83 elgoibar BARREN maala kalteak

2023 07 28 ufalak 83 elgoibar BARREN maala zikin2

2023 07 28 ufalak 83 elgoibar BARREN maala zikinkeria