Aita Agirre haur parkeko eskailerak LGTBIQ+ banderaren koloreekin margotu dituzte

Barren.eus 2023ko uzt. 12a, 17:05

Kolore eta mezu berriarekin itxura aldatu diote azken egunetan Aita Agiirreko haur parkeari. Naizen elkartearen "#naizenanaiz" leloa margotzeaz gainera, LGTBIQ+ banderaren koloreekin margotu dituzte parkera sartzeko eskailerak.

Elgoibarko Udaletik jakitera eman dutenez, berdintasuna, errespetua eta onarpena sustatzeko duten konpromisoaren barruan, hainbat ekimen gauzatu dituzte herrian LGTB+ kolektiboa ikusarazteko eta babesteko. "Mundu inklusiboa eta askotarikoa sustatzeko, non pertsona guztiak balioetsi eta errespetatuko diren, haien orientazio sexuala edo genero-identitatea kontuan hartu gabe, hainbat ekintza ezarri dira sentsibilizazio-kanpaina baten barruan", azaldu dute.

Egitasmo horren barruan eman diote itxura berria Aipa Agirreko jolas parkeari. Bertan, Naizen elkartearen "#naizenanaiz" leloa margotu dute. "Esku-hartze honen bidez, aniztasunari babesa eta batasuna emateko mezua helarazi nahi da, bizitzaren lehen etapetatik berdintasun- eta errespetu-balioak indartuz".


LGTB+ diagnostikoa
Hiruki Larroxa elkartearekin lankidetzan, LGTB+ diagnostikoa ere egin dute Elgoibarren. Ekimen horri esker, tokiko LGTB+ pertsonen testigantzak jaso dituzte, haien esperientziak eta erronkak hobeto ulertzeko. Diagnostiko horren emaitzak datorren ikasturtean aurkeztuko ditztela aurreratu dute. Emaitzok aldizkari batean kaleratuko dituzte, eta ikastetxeak gonbidatuko dituzte hezkidetza-proiektuetan lan egitera.
“Diagnostikoaren hasierako fasean, ikusi dute Elgoibarren pixkanaka normalizatu direla LGTB+ gaiak, azken urteetako berdintasun- eta onarpen-dinamika instituzional orokorrei jarraituz. Nabarmentzen da gero eta esparru gehiago daudela, eta komunitateko kide batzuek gero eta gehiago onartzen dutela bestea. Hala ere, argi dago oraindik asko dagoela egiteko Elgoibar hobea lortzeko, eta Udalak norabide horretan lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du”, nabarmendu du Maialen Gurrutxaga alkateak.

Era berean, eskainitako prestakuntzari dagokionez, herriko ikastetxeetako irakasleen balorazio oso positiboa izan dela azaldu dute. Ildo horretan, Udalak 2023-2024 ikasturtean irakasleei indarkeria matxistari eta LGTB+fobiari heltzeko tresnak eskaintzen jarraitzeko asmoa duela jakinarazi dute.

 • Berdintasunean oinarritutako jaiak
Bestalde, San Bartolome jaien harira, Elgoibarko Udalak sexu-indarkeria matxistaren eta LGTBfobikoaren aurkako borrokan ere parte hartuko du. Ildo horretan, ostalarien lankidetza bilatu dute, eta, guztira, 11 establezimenduk beren burua eskaini dute eraso sexistak eta LGTBfobikoak prebenitzeko eta horiei erantzuteko prestatutako materiala banatzeko.

2023 07 12 naizena naiz murala joastokia elgoibar aitaagirre BARREN 1

2023 07 12 naizena naiz murala joastokia elgoibar aitaagirre BARREN 2