Mugak berehala irekitzeko eskatu dio Elgoibarko Udalak Europako Batasunari, errefuxiatuen krisia dela eta

Barren.eus 2016ko mar. 29a, 10:59

Aste Santuko oporren aurretik, martxoaren 22an, Elgoibarko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzional bat onartu zuen aho batez. 

EAJ, EH Bildu eta PSEko ordezkariek onartutako testuak giza eta nazioarteko eskubideak onartzeko eskatu dio Europako Batasunari. Era berean, Europako Batasuneko mugak berehala irekitzeko eskatu du. Elkartasunean eta giza eskubideekiko errespetuan oinarritutako politikak indartzeko eskaera egin du Bozeramaileen Batzordeak.

Adierazpen instituzionalak hiru konpromiso berreskuratzeko eskatu dio Europako Batasunari: elkartasun-konpromisoa, ardura-konpromisoa eta legezkotasun konpromisoa.

Horrez gain, hona hemen, hitzez hitz Europako Batzordeari Europako Estatuei eta, bereziki Espainiako Estatuari adierazpenak exijitutakoa:

  1. Pertsona errefuxiatuek bizi duten egoera larriaren aurrean, giza eskubideak eta asiloko nazioarteko eskubidea errespetatuko dituen premiazko erantzun humanitarioa ematea.
  2. Europako Batasunaren barruko muga guztiak berehala irekitzea, Idomeniko mugatik hasita, honen itxierak eragin duen krisi humanitarioa ikusirik.
  3. Europara sartzeko bide seguruak ezartzea, bertaratu nahi duten pertsona guztientzat, eta bide seguruak erabiliz iritsi diren pertsonen kanporatzeekin bukatzea.
  4. EAErako lekualdaketak hastea, gutxienez, Europako kupoak ezarritako 1.000 pertsonena, Eusko Jaurlaritzak jada onartuak dituenak. Elgoibarko Udalak, Udal plenoak 2016ko irailaren 24an hartutako akordioaren bidez, konpromisoa hartu zuen, berari zegokion neurrian, helburu hau betetzeko baliabideak jartzeko.
  5. Asilo eskubideari dagokionez nazioarteko araudia errespetatzea, irakurketa zabal eta eskuzabala eginez, eta ez oztopoak eta hausteak bultzatzea, egun Europako Estatuak egiten ari den bezala.
  6. Migrazio politikak aldatzea, atzerritarren legea bertan behera utziz eta harreran, elkartasunean eta giza eskubideekiko errespetuan oinarritutako politikak indartuz. Egungo zigor eta kanporaketei amaiera ematea.
  7. Pertsonek duten mugitzeko askatasuna bermatzea, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsaleko 13. artikuluan jasotzen den bezala.