Euskaratik mundura eta mundutik Elgoibarrera

Barren.eus 2023ko eka. 11a, 16:17

Euskaratik mundura zubiak eraiki eta elkarrekin gozatzeko jaia ospatu dute gaur Elgoibarren: Auzoko Jaia.

'Auzoko' programak euskaratik urrun bizi direnak euskarara gerturatu eta hizkuntzaren bidez euren herrietan auzotzeko aukera eskaini nahi du. Familien arteko harrera egitea da egitasmoaren helburua eta euskara eta aniztasuna oinarri hartuta, berez sortzen ez diren bizikidetzarako espazioak ahalbidetzea.

Urtean zehar egiten duten lanaren erakusleihoa izateko sortu zuten duela urte batzuk Auzoko Jaia, herri ezberdinetako partaideen artean sareak ehuntzen jarraitzeko tokia ere baden festa. Jaiaren zortzigarren edizioa da gaur Elgoibarren egin dutena. Kultura askotako familiak elkartu ditu Auzoko Jaiak eta Elgoibar munduko erakusleiho bihurtu du.

Musika, dantza eta gastronomia uztartu dituen jaia antolatu dute Euskaltzaleen Topaguneak, Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesarekin. Hain zuzen ere, erakunde eta elkarteotako ordezkariek udaletxean egin dieten ongi-etorri ekitaldiarekin hasi da Auzoko Jaia. Elgoibarko Auzoko egitasmoko dimamizatzaile Gorane Ayestak aurkeztu du ekitaldia eta Elgoibarko alkate Ane Beitiak, Topaguneko lehendakari Kike Amonarrizek eta Elgoibarko Izarrako lehendakari Amaia Sastrek egin die ongi-etorria gaur Elgoibarrera gerturatu diren auzoko familiei. Pleno aretoa txiki gelditu da guztiak jasotzeko, herri desberdinetatik etorritako 200 bat lagun batu baitira gaurkoan.

Udaletxetik hamaiketakoa egitera abiatu dira BetiSua txarangak gidatuta. Euritan egin dute Aita Agirre Kulturgunera arteko kalejira. Arkupeetan zuten zain herrialde desberdinetako jakiez osatutako hamaiketakoa. Musika eta dantzaz girotutako ibilbidea egin behar zuten gero kaleetan barrena, baina euria dela eta Maalara joan dira zuzenean, jaiarekin jarraitzeko. Maalan hainbat ekitaldi egin dituzte, auzoko jolasak eta tailerrak, janari dastaketa, dantza afrikarren tailera eta munduko dantzen eta musikaren erakustaldia. Elgoibarko Auzoko Familiak taldeko hainbat kideek testu bat ere irakurri dute eszenatokitik.

Hala, kulturak, hizkuntza eta gastronomia partekatzeko topagunea izan da Maalako parkea. Hasteko, Nerea Lendinezek eman dien ikastaro labur baten ostean, eta BetiSuakoen laguntzaz, euskal dantzak dantzatu dituzte guztiek, korroan eta eskutik emanda. Giro aparta sortu du dantza saioak eta dantza gehiagorako gogoarekin gelditu dira hainbat. Izan dute aukera, janari dastaketaren ostean, dantza afrikarren tailerra etorri baita. Dantzari, koreografo eta irakaslea den Thierno Ibrahima Diedhiou senegaldarrak gidatu du saioa, euskaraz. Antolatzaileek euren kulturaren zatitxo bat erakusteko proposamena egin zien herri desberdinetako Auzoko taldeetako kideei eta halaxe egin zuten batzuek, besteak beste marokoar dantzak Arrasatekoek, eta nigeriakoak Donostiakoek.

 

2023 06 11 auzoko jaia Elgoibar BARREN dantza afrikar ikastaroa

2023 06 11 auzoko jaia Elgoibar BARREN dantza marokoarra

2023 06 11 auzoko jaia Elgoibar BARREN dantza nigeriarra

2023 06 11 auzoko jaia Elgoibar BARREN enpanadak

2023 06 11 auzoko jaia Elgoibar BARREN enpadanilegaz

2023 06 11 auzoko jaia elgoibar BARREN hamaiketakoa

2023 06 11 auzoko jaia betisua txaranga BARREN

2023 06 11 auzoko jaia Elgoibar BARREN elgoibarkotaldea call

2023 06 11 auzoko jaia Elgoibar BARREN taldebat photocall

2023 06 11 auzoko jaia elgoibar potcall BARREN

2023 06 11 auzoko jaia elgoibar udaletxean BARREN