Udaletik jakinarazi dutenez, 30 metro koadroko 30 baratze egokituko dituzte guztira, baina Udalak bi baratze beretzat gordeko ditu (1 eta 2). Horregatik, esleitu beharreko baratzeak 28 izango dira (3tik 30era zenbatuta). Instalazio komunak dituzte (bidea, eremu komuna, etxola...)
Iñigez Karkizao kaleko berdegune batean aisialdirako gune berri bat eraikitzen ari da Udala, eta hor kokatu dituzte herri baratzeak. Inguruan azken aldian eraiki dituzten etxebizitzetako bizilagunei aisialdirako "gune egoki berri bat" eskaintzeko helburuarekin, etxeak egin dituen Grupo Eibar enpresa ari da aisialdirako gunea eraikitzen, Elgoibarreko Udalak eskatuta. Ingurua urbanizatzen dihardute, eta haurrentzako jolasgunea, kalistenia parkea, urmael bat eta baratze publikoak izango ditu lanak amaitzean.
• Ortuak erabiltzeko baldintzak
Ortu publikoak erabiltzeko lizentziaren onuradun izateko, interesdunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: 18 urtetik gorako pertsona fisikoa izatea; oinarri hauek onartu aurreko bost urteetan gutxienez Elgoibarren erroldatuta egotea; Elgoibarko Udalarekin zergen eta zehapenen ordainketa egunean izatea; eta udal-baratzeak erabiltzen dituen beste pertsona bat dagoen bizikidetza-unitate batekoa ez izatea (hau da, familia bakoitzeko baratze bakarra esleitzea).
Baratzea erabiltzeko lizentziak urtebeteko iraupena izango du, eta urtez urte luzatu ahal izango da, gehienez hiru urtera arte, esleipenaren hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Lurzatiak zozketa bidez esleituko dituzte.
Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago eta 2023ko irailaren 29an amaituko da. Eskaerak HAZen edo Elgoibarko Udalaren egoitza elektronikoan (www.elgoibar.eus) aurkeztu beharko dira.