'Auzoko jaia'-k kultura askotako familiak elkartuko ditu domekan Elgoibarren

Barren.eus 2023ko eka. 9a, 13:11

Elgoibarren elkartuko dira domekan, ekainaren 11n, 'Auzoko' egitasmoa martxan duten herri guztietako partaideak.

'Auzoko' programa euskaratik urrun bizi direnak euskarara gerturatu eta hizkuntzaren bidez euren herrietan auzotzeko aukera eskaini nahi du. Familien arteko harrera egitea da egitasmoaren helburua eta euskara eta aniztasuna oinarri hartuta, berez sortzen ez diren bizikidetzarako espazioak ahalbidetzea. Topaguneak, Elgoibarko Izarrak eta Udalak antolatu dute, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.

Elgoibarren, auzotar eta auzokide familien topagune bihurtu da 'Auzoko'. Familiak hizkuntza eta aniztasuna oinarri hartuta, ikasturtean zehar batzen dira dinamizatzaile batek gidatutako saioetan edota familien artean adostutako ekintzetan. Hilean bitan egin ohi diren topaketetan ezezik egunerokotasuneko jardueretan ere elkarbizitzarako tokiak eraikitzea da gakoa, eta horretarako herriko museo eta txokoak ezagutu, mokadutxoak egin eta elkarren kultura partekatzeko hainbat jarduera antolatzen dituzte Elgoibarko Izarra elkartetik.
Domekan egingo duten 'Auzoko jaia' urtean zehar 15 herritan egindako lanaren erakusleihoa izango da. Iaz, Euskal Herrian, 35 jatorritako 200 lagunetik gora elkartu ziren 'Auzoko' egitasmoan. Domekan ere jatorri ezberdinetako hizkuntza eta kulturek bat egingo dute Elgoibarren. Musika, dantza eta gastronomia uztartzen dituen egitarauaz gozatzeko aukera egongo da eta parte-hartzaileek jai giroan bizipen eta esperientziak elkartrukatuko dituzte.

Egitaraua

  • 11:30 Ongietorria, Kalegoen plazan, eta harrera udaletxean.
  • 11:45 Hamaiketakoa, Aita Agirre kulturgunean.
  • 12:30 Musikaz eta dantzaz girotutako ibilbidea, Aita Agirre plazatik hasita
  • 13:15-16:15 Munduko hizkuntzen agertokia; Auzoko jolasak eta tailerrak; janari dastaketa dantza afrikarren tailerra; eta munduko dantzak eta musika, Maalako parkean.

 

∞Lotura duten albisteak: