Gorane Ayesta: "Helduok ditugun aurreiritziak apurtzeko balio du Auzoko Familiak egitasmoak"

Barren.eus 2023ko eka. 7a, 16:05

Euskaratik urrun eta euskaratik gertu bizi diren familien elkarbizitzarako gune izateko sortu zuten Auzoko Familiak egitasmoa. Elgoibarren, Elgoibarko Izarrak kudeatzen du, eta Gorane Ayesta da dinamizatzailea. Elkarrizketa egin diote guraso.eus webgunean.

Familien arteko harrera egitea da egitasmoaren helburua eta euskara eta aniztasuna oinarri hartuta, berez sortzen ez diren bizikidetzarako espazioak ahalbidetzea. "Elkarren arteko ezagutza sustatu, kultura partekatu... edozein aitzaki bilatzen dogu kalitatezko denbora bat elkarrekin pasatzeko", azaldu du Ayestak. Egitasmoak bi urte daramatza martxan Elgoibarren, eta hilean birritan batzen dira familiak Auzoko egitasmora. "Familiei eurei lagatzen diegu plana aukeratzen, baina gastronomiaren bueltakoek dute arrakasta handiena. Horrez gain, Elgoibarko txoko desberdinak elkarrekin ezagutzen saiatzen gara. Elgoibarren dauden hiru museoak ezagutu, Lizagasagar sagarokixa, naturguneak... eta plan informalagoak ere egin ditugu orain arte".

Egitasmoak berari eman dionaren gainean ere berba egin du Ayestak. Lagun desberdin asko egiteko aukera eman dion zeregina izateaz gainera, asko ikasi duela nabarmendu du, hazten lagundu diola. "Izugarria izan da, familia ere sartu dut tartean, benetan aberasgarria iruditzen zaidalako herriko kultur aniztasuna eta hizkuntza desberdinak ezagutzea, eta auzokoekin harreman sakonagoak izateko aukera izatea. Euren bizipenak jaso eta bizi duten errealitatea hobeto ezagutzea herria hobeto ezagutzeko bidea baita". Familiengandik jaso dituen balorazioei dagokionez, euskaratik urrun dauden hainbat familiek harrerarako espazio bat moduan ikusten dute Auzoko Familiak. Era berean, herriaz duten ezagutza handitzeaz gain, Elgoibarren jaioak diren pertsonekin harremantzen hasteak, kalean kaso egiteko gelditzeak, esaterako, ikusgarriago egin dituela uste dute. "Emozionantea da. Aurreiritziak apurtu eta pertsonak gertuagotik ezagutzeko balio dien egitasmoa dela ere aipatzen dute".

Gurasoen premiak asetzeko gunea den guraso.eus weborrian entzun dezakezue Gorane Ayestari eginiko elkarrizketa. (BARRENek ere eskaini zion erreportajea Auzoko Familiak egitasmoari)

Gogoratu Auzoko egitasmoa martxan duten herri guztietako partaideak Elgoibarren elkartuko direla domekan, 'Auzoko jaia' festan

2023 06 07 2023 01 27 Auzoko familiak Mufomi museoan elgoibar 1

∞Lotura duten albisteak: