Udaletik jakinarazi dutenez, Altzolak zuntz optikoa izango du datorren astetik aurrera. Auzoko etxebizitza guztietara iritsiko da zuntza, 142 etxebizitzatara, eta guztiek 300 Mbps simetrikoko zuntzerako sarbidea izango dute. Ane Beitiak, Elgoibarko jarduneko alkateak, nabarmendu du “beste behin ere bete dugu Altzolako bizilagunei eman genien hitza: zuntz optikoa 2023ko lehen seihilekoan iritsiko zela gehien jota Altzolara, eta hala izango da. Pozten gara zuntzaren hedapena gauzatu izanaz, inguruko bizilagunen eta enpresen konektibitatea nabarmen hobetuko baitu”. Ekainaren 5etik aurrera, beraz, altzolatarrek zuntz optikoa kontratatzeko aukera izango dute euren etxebizitza eta negozioetan.