Elgoibar kultura eta hizkuntza aniztasunaren elkargunea izango da Auzoko egitasmoaren jaian

Barren.eus 2023ko mai. 31a, 10:33

Elgoibarren elkartuko dira aurten Auzoko egitasmoa martxan duten herri guztietako partaideak, jai baten bueltan. Zortzigarren edizioa izango da Elgoibarren egingo dutena, ekainaren 11n. Antolatzaileek aurreratu dutenez, dantza eta gastronomia uztartzen dituen egitarau oparoaz gozatzeko aukera egongo da.

Antolatzailen berbetan, Auzoko egitasmoaren jaian jatorri ezberdinetako hizkuntza eta kulturek bat egingo dute Elgoibarren, "denon artean euskaratik mundurako zubiak eraiki eta elkarrekin aniztasunean gozatzeko". Herriz herri egiten den lana plazaratzearekin batera, parte-hartzaileek bertaratzen diren euskaltzale guztiekin bizipenak konpartitzeko aukera polita eskaintzen du Auzoko Jaiak, inguruko zenbait elkarte eta kultur eragilerekin batera. Horretarako, musika, dantza eta gastronomia uztartzen dituen egitarau "oparoa" osatu dute Euskaltzaleen Topaguneak, Elgoibarko Izarrak eta Udalak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesarekin. (Egitaraua beheko kartelean)

Aurreko urteetako edizioetan eduki duen arrakasta ikusita, aurten ere ongi etorri ekitaldi txiki batek emango diote hasiera egunari, Kalegoen Plazan oraingo honetan. Auzoko egitasmoaren jaia 11:30ean hasiko da. Hamaiketakoaren ostean, gorputzak berriro martxan jarriko dituzte herrian zehar egingo duten musikaz eta dantzaz girotutako ibilbidearekin. Ondoren, Maalako parkera zabalduko da festa, eta bertan zenbait tailer eta ekintzetan parte hartzeko aukera egongo da, haurrentzako jolas gunea tartean. Gainera, bertaratutakoek Auzoko egitasmoaren saioetan egiten dituzten dinamikak ere hurbiletik ezagutu ahal izango dituzte. Munduko Hizkuntzen Agertokian, bere aldetik, euskal doinuak beste hainbat herrialdetakoekin batera oholtzaratuko dituzte.

Eguerdi partean, geldialditxo bat egin eta mahaiaren inguruan batzeko unea helduko da, Auzokoko partaideek prestatutako jatorri anitzeko jakiak probatzeko. Azkenik, eguna hasi bezala bukatu nahi dute, hau da, musika eta dantza artean, dantza afrikarren tailerrarekin eta plaza dantzen saio batekin emango baitiote amaiera aurtengo festari.

 • Euskaratik zubiak eraiki
Urtean zehar egindako lanaren erakusleihoa da Auzoko Jaia, herri ezberdinetako partaideen artean sareak ehuntzen jarraitzeko tokia. Atzera begira, Bergaran ospatu zen lehen aldiz 2014an eta ordutik Eskoriatzan, Oñatin, Antzuolan edo Arrasaten antolatu izan da, besteak beste. Euskal Herriko txoko guztietara zabaldu dute gaur egun aniztasunaren sare hori, Auzokok martxan dituen proiektuei esker. Horien bitartez haur, familia eta adin guztietako herritar heldu berriei zuzentzen zaizkie, eskoletan eta herrietako kultur eta euskara eragileekin batera hurbileko lana eginez.

Euskaratik mundurako zubiak eraiki, edo, bestera esanda, euskaratik urrun bizi direnak (auzokideak) euskarara gerturatu eta hizkuntzaren bidez euren herrietan auzotzeko aukera eskaini. Helburu horrekin biltzen dira taldeak, euskaraz aritu eta elkarrekin bizikidetzarako espazioak sortzeko. Horietan ezinbestekoak dira euskal hiztunak ere, auzotarrak, alegia, bidea egin nahi duten horiei lagundu eta, bide batez, elkarrengandik ikasteko. Honela, Euskal Herriko errealitate eleanitzari aitortza eginez, euskarara hurbiltzen direnei harrera integrala eskaini eta hizkuntza herritarren esku jartzen du Euskaltzaleen Topaguneak.

Elgoibarren, hilean bitan
Elgoibarren, esate baterako, auzotar eta auzokide familien topagune bihurtu da Auzoko Familiak ekimen parte-hartzailea. Hizkuntza eta aniztasuna oinarri hartuta, ikasturtean zehar batzen dira dinamizatzaile batek gidatutako saioetan edota familien artean adostutako ekintzetan. Hilean bitan egin ohi diren topaketa horietan baina baita egunerokotasuneko jardueretan ere elkarbizitzarako tokiak eraikitzea da gakoa, eta horretarako herriko museo eta txokoak ezagutu, mokadutxoak egin eta elkarren kultura partekatzeko hainbat jarduera antolatzen dira Elgoibarko Izarretik. Auzoko Familiak proiektuan izena ematea doakoa da eta herritar guztiei dago irekia.

 

2023 05 31 Auzoko Jaia kartel egitaraua

Hona Auzoko egitasmoa ezagutzera emateko bideo laburra: “Auzoko: zubi bat euskaratik”: 

Ikus hemen, “Auzokoak” dokumentala