Astelehenean, “1080 ibilaldiaren” bi zutabe irten ziren, Bilbotik bata eta Bergaratik bestea. Martitzenean Aguraindik abiatu zen Arabako pentsiodunen zutabea, eta herri ezberdinetatik igaro ostean Gasteizen elkartu ziren eguenean, hiriburuko kaleetan egin zuten manifestazioan parte hartzeko. Guztira, ehun lagunek baino gehiagok hartu zuten parte martxa horietan (ibilaldi horien kronika irakur dezakezue gaurgeroa.eus-en). Gero, Gasteizen, 1.200 pentsiodun inguru elkartu ziren maiatzaren 25ean egin zuten manifestazioan, horien artean Elgoibartik joandakoak.
Pentsiodunen ordezkaritza batek Eusko Jaurlaritzako Legebiltzarreko talde parlamentarioei helarazi zizkien euren aldarrikapenak zein diren. Pentsiodunen Mugimenduak gutxieneko pentsioa 1080 eurotan jartzeko eskatu dio Esainiako Gobernuari, eta ildo berean, pentsionistek mezu zuzena igorri diete euskal erakundeei: bitartekoak jar ditzatela 1080 euroko pentsiora heltzen ez diren gutxieneko pentsioak osatu ahal izateko, hamalau ordainsaritan. Erabaki hori EAE eta Nafarroako gobernuen eta legebiltzarren borondate politikoaren menpe dagoela adierazi dute, eta "ez dagoela hori eragozten duen arrazoi politiko edo ekonomikorik".
Halaber, nahi dute Espainiako Gorteetan ordezkaritza duten alderdiek pentsioen azken erreformaren lege proiektuaren eztabaida baliatzea erretiro adina berriro 65 urtean jartzeko, eta pentsioa osorik jasotzeko kotizatu beharreko urteak hamabostera jaisteko. Izabn ere, Madrilek onartutako pentsio erreformak ez ditu asebete. Erreformaren ondorioz pentsioak zertxobait igoko diren arren, ez da "nahikoa", mugimenduaren iritziz.
EHPMk salatu du gero eta gehiago direla etxebizitza, elikadura, osasun eta arreta duinik lortu ezin duten adineko pertsonak, bizitzaren garestitze "esponentzialaren" ondorioz. Jakitera eman dituzten datuen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 167.718 pentsiodunek jasotzen dute 1080 eurotik beherako pentsioa, eta Nafarroan 51.306 dira kopuru horretara heltzen ez direnak. Pentsiodunen Mugimendutik nabarmendu dute gainera, emakumezkoak direla pentsio baxuak jasotzen dituzten horietako gehienak.