Landare inbaditzaileak hemen bertako ingurunekoak ez diren landareak dira, gizakiak nahita edo nahi gabe bertakotu dituenak eta gure inguru honetan ikaragarri zabaldu direnak, hemen bertako espezieak eta oreka ekologikoa arriskuan jartzeraino. Krokosmia x crocosmiiflora da horietako bat. Krokosmia landarea San Joseren makila bezala ere ezagutzen da. Frantzian 1880an sortutako hibrido bat da, Crocosmia generoko bi espezietatik abiatuta (Crocosmia aurea eta C. potssii). Genero horren barruan 10 espezie identifikatu dituzte, gehienak Hegoafrikan; bi espezie, berriz, Afrika erdialdean bizi dira, eta bat Madagaskarren. Mundu osoan, gaur egun, krokodiaren 400 barietate inguru landatzen dira, eta azken hamarkadetan asko zabaldu da landare apaingarri gisa. Laranja koloreko lore gorrixka ematen du eta dotorea da ikusteko, baina oso azkar hedatzen ari da erreka ertz ugaritan eta hura errotik desagerrarazteko lanetan ari da URA Agentzia azkeneko urteetan.