Euskal Herria bizikletaz zeharkatzen ari dira, bost etapatan, Biarritzeko Echapee Cycling Tours bidai enpresak antolatutako itzulian. Enpresa horrek, besteak beste, Pirinioetan eta Alpeetan ere eskaintzen ditu bizikletaz egiteko ibilbideak, eta Euskal Herrian barrena egiteko bi ibilbide ere badituzte euren eskaintzan, eta horietako bat Elgoibartik pasatzen da. Gaurko etapan 80 kilometro egingo dituzte eta Beasainen amaituko dute. Enpresako kide batek egiten dizkie gidari lanak euskal errepideetan barrena, eta laguntza emateko furgoneta batek jarraitzen ditu txirrindulariak.
Bazkaltzeko geldialdia egin dute Elgoibarren eta Kalegoen plazako frontoian laga dituzte aparkatuta bizikletak, elektrikoak gehienak. Euren asmoa pintxo batzuk jatea zela azaldu dute, gastronomiak beti baitu leku berezia Euskal Herrira bisitan datozenentzako, baina herritar batek Ibai Ondo Erretegira joateko gomendioa egin die, eta kaso egin diote. Ez direla damutu esan dute, oso ondo jan dutela. Sabela bete ostean, umore onean topatu ditu BARRENek, bizikleta bidaiari berrekiteko prestatzen ari ziren unean. Azaldu dutenez, 21 lagunek osatzen dute taldea. "Txinako ia leku guztietakoak gara, Shangaitik gatoz batzuek, Pekinetik beste batzuek eta gure artean badira estatubatuar batzuek ere, taldeko txinatarrokin ezkonduta daudenak", azaldu du taldekiderako batek. Txinera baino ingelesa entzuten zen gehiago euren arteko elkarrizketetan. Honakoa ez dela Euskal Herrira datorren lehen aldia azaldu du taldeko beste kide batek. "Duela 10 urte izan nintzen hemen, Donostia eta Bilbo inguruak ezagutu genituen umeekin egin genuen bidaian, baina koskortuta daude orain eta ez dute gurekin bidaian etortzerik nahi, eta senarra eta biok eman genuen izena bizikleta ibilaldi honetan". Eguraldi lainotsua eta freskoa egin badie ere, hemengo paisaiekin txundituta daudela esan dute. Argazkia ateratzeko unean eguzki izpiek argitu dute Kalegoen plaza eta pozez ospatu dute. Argazkia atera eta Txankakua zubitik irten dira errepidera, bidaiarekin jarraituz. (ikus bideoan)
Enpresakoek azaldu dutenez, hurrengo astean hamabost bat ingelesez osatutako talde batekin pasako dira berriro Elgoibartik. Aurtengo Tourra Euskal Herritik hasteak hemengo bide eta ibilbideak ezagutzeko gogoa areagotu dutela uste dute.