Lurraren defentsan Gasteizen egingo den manifestaziorako autobusa antolatu dute Elgoibartik joateko

Barren.eus 2023ko mai. 17a, 16:45

Lurraren defentsan, Euskal Herria bizirik dinamikak deituta manifestazioa egingo dute zapatuan, maiatzaren 20an, Gasteizen eta Karakate Bizirik plataformak bat egin du deialdiarekin. Era berean autobusa ere antolatu dute Elgoibartik.

Gasteizko manifestazioa 18:00etan abiatuko da da San Anton plazatik eta 16:00etan irtengo da autobusa Txankakuako autobus geltokitik. Izena emateko Lanbroa, Jai Alai eta Ibai Ondo Asadorean dago aukera. Emailez ere egin daiteke, karakatebizirikelgoibar@gmail.com helbidera idatzita.

Joan den otsailean aurkeztu zuten Donostian azpiegitura handien aurka eta landa eremua zaintzearen alde mobilizatzeko sortu duten Euskal Herria Bizirik plataforma. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hogei bat eragile ekologista bildu dituen plataforma honek antolatu du Gasteizko manifestazioa. Tartean dira, besteak beste, Ekologistak Martxan, AHT Gelditu, AHTaren Kontrako Asanblada, Arabako Mendiak Aske, Gipuzkoako Mendiak Aske, Enkarterri Bizirik, baita tokiko hainbat talde ere, eta Lapurdiko, Nafarroako Beherako, Nafarroa Garaiko eta Zuberoako eragileen atxikimendua ere jaso dutela adierazi dute.

"Kezkagarria da ikustea nola inbertitzaile handiak gure lurraldera datozen berriz ere, ingurune naturala hondatzen jarraitzeko eta orain arte kontserbatu diren baliabide natural urriak lapurtzen segitzeko", adierazi zuten plataformaren aurkezpenean aurkeztu zuten manifestuan.

"Trenbide proiektu eta azpiegiturak, zentral eolikoak edo fotovoltaikoak eta horiei dagozkien banaketa-lineak, erraustegiak, negutegi industrialak eta animaliak hazteko ustiapen intentsiboko fabrikak. Horiek guztiak agertzen dira Euskal Herriko mapan, jada martxan dauden proiektuak edo laster gauzatzekoak direlako. Proiektu horiek eremu komunalak eta laborantza lurrak bereganatzen dituzte, gure lurraldea egituratzen duten eta bizitzari eusten dioten ekosistemen desagertzea dakartelarik". Hala ohartarazi dute oharrean, eta uste dute halako proiektuek landa eremua eta bertako bizimodua "apurka-apurka desegitea" ekarriko duela, komunitate txikiak eta baserriak "desagerraraziz".

Horrez gain, azpimarratu dute diru publikoa patrika pribatuetara eramateko abiatzen dituztela halako proiektuak, bai politikari askok baita enpresa handiek ere. Horregatik, legeak "korporazio handien interesetara" egokitzen dituztela salatu dute.