Martxa Morea eta elkarretaratzeak izango dira martxoaren 8an

Barren.eus 2016ko mar. 8a, 09:56

Emakumeen Nazioarteko Eguna da gaur, martxoaren 8a. Elgoibarren Emakumeen Kontseiluak deitutako Martxa Morea egingo dute, 19:00etan, Kalegoen plazatik abiatuta. Mendaron, ordu berean, giza katea eta Berdintasun Eguneko manifestuaren irakurketa egingo dute Herriko Enparantzan.

Elgoibarko Emakumeen Kontseiluak 2014an antolatu zuen estreinakoz Martxa Morea, azaroaren 25aren harira, emakumeenganako indarkeria salatzeko ekintzen barruan. Ekimen arrakastatsua izan zen eta herritar askok hartu zuten parte herriko kaleetan barrena, 1,7 kilometroko ibilbidean, egin zuten martxan. Ekimena berreskuratu dute eta gaur, martxoaren 8an, egingo dute bigarren Martxa Morea. 19:00etan elkartuko dira Kalegoen plazan, eta Elgoibarko Udalak onartu duen adierazpen instituzionala irakurri ostean hasiko da Martxa Morea. Arropa morea eramateko eskatu dute antolatzaileek. "Korrika, oinez, bizikletan, patinetean,….edozeinek parte har dezake", azaldu dute. Kilometro bat eta 300 metroko ibilbidea izango du gaurkoak.

  • Hona hemen ibilbidea: Kalegoen plaza – San Bartolome - San Frantzisko - Maala – Bernardo Ezenarro - Trenbide - San Ignazio - Kalegoen plaza.

 Aurrez, Txefo eta Anduriña ipuin kontalariek “Berdin eta desberdin mila ipuin” izeneko saioa emango dute Gotzon Garate Udal Liburutegian. Bi saio eskainiko dituzte, 17:00etan eta 17:30ean. 

Mendaron ere antolatu dituzte zenbait ekintza. Hasteko, 17:00etan “Como entrenar a tu Dragón" filmaren emanaldia eskainiko dute San Agustin aretoan. 19:00etan giza katea eta Berdintasun Eguneko manifestua irakurriko dute Herriko Enparantzan. Herriko hainbat elkartek elkarlanean prestatu duten “Berdintasunari Begira” izeneko erakusketa ere gaur inauguratuko dute. Udaletxeko arreta guneko solairuan egongo da ikusgai, hilaren 22ra bitartean.

2016 03 08 martxamorea2014  2016 03 08 martxamorea2014 1 

•Adierazpen instituzionalak

Europako Udalen adierazpen instituzionalarekin bat egin du Elgoibarko Udalak. Adierazpenak dio emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna funtsezko eskubidea eta oinarrizko balioa direla demokraziarentzat eta bete beharreko hainbat helburu zehaztu ditu. Besteak beste, berdintasuna agenda politikoaren erdigunean egotea eta politika eta lege garrantzitsuetan txertatzea; emakumeek pairatzen duten indarkeria salatzea, genero-indarkeria prebenitzea eta biktimak babesteko politika eta lege bateratuak sortzea. Adierazpen horri Elgoibarko Udalbatzak kontuan hartu beharreko beste hainbat zeregin gehitu dizkio: Berdintasun Saila eta aurrekontua egonkortu eta sendotzea; herriko kale izendegia errebisatu eta emakume izenak jartzea. 

Mendaroko Udalak EH Bilduren adierazpena onartu zuen aho batez konpromisoa hartuz sortzen dituen idazki guztietan hizkuntza ez sexista eta inklusiboa erabiltzeko; diru-laguntzetan genero klausulak ezartzeko; biolentzia matxistaren kontrako protokoloa landu eta abian jartzeko, herriko emakume eta talde feministekin elkarlanean; eta herriko puntu beltzen mapa osatzeko, herriko emakume eta talde feministekin elkarlanean. (irakurri hemen Mendaroko Udalaren adierazpen instituzionala -PDF-)

Bestalde, bi Udalek adierazi dute herriko jai eta ospakizunetan partehartze parekidea landu eta sustatu behar dela herriko taldeekin elkarlanean. Era berean dei egin dute emakume eta talde feministek deitutako mobilizazioetan parte hartzera.