Desfibriladoreak erabiltzen ikasi nahi dutenentzako deia, Mendaron

Barren.eus 2023ko api. 26a, 14:45

Lau desfibriladore jarri ditu Mendaroko Udalak kalean eta haiek erabiltzeko gai izango diren boluntario sarea sortu nahi du orain.

Interesa dutenek Mendaroko Udalaren webgunean sartuta eman behar dute izena eta izena emandakoen arabera osatuko dituzte gero taldeak eta zehaztuko dituzte formazio saiorako egunak eta ordutegiak, baina aurreratu dute maiatzean zehar egin nahi dituztela. Aurreratu dutenez, prestakuntza teoriko-praktikoak izango dira, eta oinarrizko lehen laguntzetako ezagutzak, bihotz-biriketako bizkortzeari buruzko ezagutzak eta desfibriladore erdiautomatikoa erabiltzeko beldurra galtzen laguntzea dute helburutzat. Hiru ordu inguruko iraupena izango du prestakuntzak. Gai honen inguruan zalantzaren bat izanez gero, 943 033 282 telefono zenbakira deitu daiteke. Izen emateak HEMEN 

Apirilean formatu nahi zituzten herriko zenbait eragile eta sektoretako lagunak, besteak beste, funtzionarioak, irakasleak eta ikastetxeetako langileak edota guraso-elkarteetako kideak, baina atzeratu egin dira saiook.

Mendaroko Udalak Udaberriko oporraldiak hasi baino lehen ipini zituzten lau desfibriladore, kalean: Goñati frontoian, Garagartza auzoan, Mendarozabalen eta Azpilgoeta auzoan. "Helburua da udalerrian kardiobabes osoko sistema ezartzea, prebentzio-eredu bat sortuz, bihotz-biriketako gelditze-egoeretan dauden pertsonei premiazko laguntza emateko", azaldu dute Udaletik. Desfibriladore horiek kalean ipintzeko 6.640 euro + BEZ-eko inbertsioa egin dutela jakinarazi dute.

 

∞Lotura duten albisteak: