Herritarren interesa piztu dute martxoaren 8ra begira joan den asteburuan antolatutako ekintzek

Barren.eus 2016ko mar. 7a, 07:39

Laura Daquintak Indiako emakumeen inguruan barixakuan eskaini zuen hitzaldiak, eta Sustrai akordeoi taldeak zapatu goizean eman zuen kontzertuak interesa piztu zuen elgoibartarren artean. Batean zein bestean txiki geratu ziren Kultur Etxeko erakusketa gela eta sotoa. 

Laura Daquinta elgoibartarrak Indiako emakumeei buruz prestatu duen argazki erakusketaren inaugurazioarekin hasi ziren Elgoibarren martxoaren 8ra begira prestatutako ekintzak, joan den barixakuan. Kultur Etxeko erakusketa gela jendez bete zen Daquintak erakusketaren inguruan eskaini zuen hitzaldia entzuteko. Ia lau urtean Indian bizi eta ikusi dituen hainbat kontu azaldu zituen 45 minutuz. Indiako kulturaz, hemengoarekin alderatuta atzeman dituen desberdintasun nagusienak, eta, batez ere, Indian emakume izatea zer den azaldu zuen, bere bizipenetan oinarrituta gehienetan. Solasaldiaren ostean, emakume migratzaileen Loreak taldeko kideek prestatutako goxoak eta tea hartzeko aukera izan zuten Kultur Etxean batutakoek. 

Zapatu goizean, berriz, Sustrai akordeoi taldearen doinuek girotu zuten Kultur Etxea. Musikari elgoibartarren kontzertuak ere jendetza erakarri zuen eta sotoa bete zuten ikusleek. Kontzertuaren ostean, Emakumeen Bazkaria egin zuten Sigman, Haizea Emakume Taldeak antolatuta. Guztira 90 emakume inguru batu ziren eta dantzaldia izan zuten bazkalostean. 

2016 03 05 laura daquinta hitzaldia3

Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatutako ekintzek martitzenean, martxoaren 8an, izango dute jarraipena. Elgoibarren Emakumeen Kontseiluak deitutako Martxa Morea egingo dute, 19:00etan. Mendaron, ordu berean, giza katea eta Berdintasun Eguneko manifestua irakurriko dute herriko enparantzan.