Hamar desfibriladore ipini dituzte Elgoibarko gune estrategikoetan, eta horien erabileran trebatuko dituzte herritarrak

Barren.eus 2023ko api. 3a, 08:03

Elgoibar "erabat kardiobabestutako" herria izatea nahi du Elgoibarko Udalak, eta asmo horretan hamar desfibriladore ipini dituzte kalean. Horiek erabiltzeko, baina, trebatuta egon behar da eta gaitasun hori izango duten boluntarioen sarea osatzen ari da Udala.

Elgoibarko enpresa publiko eta pribatuetan lehendik zeuden hemeretzi desfibriladoreei, herriko hamar gune estrategikoetan ipini berri dituzten hamar desfibriladoreak gehitu behar zaizkie orain. Jende asko ibiltzen den eremuetan ipini ditu Udalak, Elgoibar kardiobabesteko sustatzen ari den estrategiaren baitan. Martxoan eta apirilean 100 boluntario trebatuko dituzte desfibrilagailuen erabileran, bihotz-biriketako geldialdian dauden pertsonei premiazko laguntza emateko. Inbertsioa 46.770 eurokoa (BEZ gabe) izango dela jakinarazi du Udalak, eta hamar desfibrilagailuok ipini dituen Almas Industries enpresarekin ari dira elkarlanean.

Udaletik zehaztu dutenez, Elgoibar estatu osoko udalerri "kardiobidetuenetako bat" izango da, batez beste 25 desfibriladore izango baititu 10.000 biztanleko, eta 29 desfibriladore izango ditu guztira. Estatuko batez bestekoa zortzi desfibriladorekoa da 10.000 biztanleko.

Sistemaren helburua da bihotz-biriketako gelditze-egoeretan dauden pertsonei premiazko laguntza ematera bideratutako prebentzio-eredu bat sortzea. Lehenengo urratsa izan da espazio publikoetan desfibriladoreak jartzea. Neurri horrekin batera, behar bezala erabiltzeko gaitasuna duten boluntarioen sare bat osatuko dute, bihotz-biriketako gelditze-egoeran dagoen pertsonaren batek arreta behar duenean desfibrilagailuak nola erabili eta nola jokatu behar duten jakin dezaten.

Desfibriladore berriak ipini dituzten tokiak

  • Kalegoen plazan (Arkupeetan)
  • Herriko antzokian (Toletxe, 7)
  • San Pedro Aiastian
  • Altzola auzoan (Lokal soziala)
  • Sigman (Eskola zaharrak)
  • Urazandin (Haurtzaindegiaren azpiko aterpean)
  • Musika Eskolan (Aterpean)
  • Kurutzelaegin, 8 (Lanbide)
  • Santa Anan 13 aterpean (Titanic eraikina)
  • Errosario kalea, 35 (Udaltzaingoa)


Ane Beitia alkateak adierazi du “20 minutuero" gertatzen dela desfibriladore bat behar duen gertaera bat. "Udalak beste urrats bat eman du kaleak gune kardiobaskularrez hornitzeko konpromisoan, eta Estatuko hiririk babestuenetako bat bihurtu da. Oso garrantzitsua da prebentzioa, desfibriladore gehiago instalatuta, eta ahalik eta azkarren erabiltzeko prestakuntza. Azken helburua gizarte osoaren ongizatea eta segurtasuna bermatzea da”, esan du Beitiak.
Almas Industries enpresako Harreman Instituzionaletako zuzendari Javier Maeztuk gaineratu du inork ez duela nahi istripu kardiobaskularrak gertatzerik nahi, baina edozein unetan gerta daitezkeela gogora ekarri du, eta edonori gerta dakiokeela. "Kasu horietan, desfibriladore bat eskura izatea da onena. Elgoibar kardio-babestutako udalerri bihurtzeak bertako bizilagunen eta bisitarien segurtasuna, osasuna eta zaintza hobetuko ditu”.

2023 03 29 desfibriladorereak elgoibar udala

 • Boluntarioen sarea
Boluntarioen sarea prestatzen ari da Udala, eta horiek desfibriladoreak behar bezala erabiltzeko gai izatea nahi dute. Udalak hamar prestakuntza saio emango ditu doan (10 pertsonako taldeetan), BBB/OBE tekniketan eta desfibriladorearen erabileran. Prestakuntza teoriko-praktikoak dira, eta oinarrizko lehen laguntzetako ezagutzak, bihotz-biriketako bizkortzeari buruzko ezagutzak eta desfibriladore erdiautomatikoa erabiltzeko beldurra galtzen laguntzen dute. Hiru orduko prestakuntza da, BBBren Plan Nazionalaren arabera, larrialdietan homologatutako instruktoreek emango dutena, Udalaren instalazioetan, goizez zein arratsaldez (ikastaroak astelehenetik asteazkenera egingo dira 9:00etatik 12:00etara, eguerdiko 13:30etik 16:30era edo arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara Kultur Etxeko sotoan)

2023 04 03 desfibriladoreak elgoibar almas musika eskola BARREN

2023 04 03 desfibriladoreak elgoibar almas titanik BARREN

2023 04 03 desfibriladoreak elgoibar almas udaletxe arkupeetan BARREN

2023 04 03 desfibriladoreak elgoibar almas herrikoantzokia BARREN

2023 04 03 desfibriladoreak elgoibar kurutzelaegin almas 2 BARREN