'Tren geltokia bai' plataforma sortu dute Altzolan, tren geltokia kendu ez dezatela eskatzeko

Barren.eus 2023ko mar. 23a, 15:51

Altzolako hainbat bizilagunek 'Tren geltokia bai' plataforma sortu berri dute auzoko tren geltokiari eusteko. Izan ere, trenbidearen sahiesbidea egiteko obrarekin batera, Eusko Jaurlaritzak Altzolako tren geltokia kentzeko asmoa duela jakin dute, Azpiegitura eta Garraio Saileko zuzendariarekin trukatutako mezuen bidez.

Plataformako kideek azaldu dutenez, urtarrilaren 25eko Euskal Herriko boletinean azaldu zen oharraren bidez izan zuten sahiesbidearen proiektuaren berri, eta txostenean ez zen Altzolako geltoki berriari buruzko informaziorik ageri. Kezka sortu zitzaien, eta geltoki berria egingo ez zela ere jartzen ez zuen arren, gaiari heltzea erabaki zuten.

 • Aurrekariak
Plataformako kideek azaldu dutenaren arabera, 2013an hasi zuen Euskal Trenbide Sareak Elgoibarko sahiesbidea egiteko proiektuaren idazketa prozesua, eta informe hartan Altzolako apeaderoa kendu eta berria egitea zegoen jasota. Era berean esan dute iazko uztailean erabaki hori berretsi zuela Eusko Jaurlaritzak, baina handik aurrera informazio "nahasia" jasotzen hasi zirela. "Altzolako sahiesbideari buruzko informazioa irten zen komunikabideetan, baina inon ere ez zuten aipatzen Altzolako geltoki berria". Egoera zalantzati horren aurrean Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio Saileko zuzendari Dolores De Juan De Miguelekin jarri ziren harremanetan, galdetzeko ea beraiek onartutako Altzolako geltoki berriari esker Altzolako linea eta geldialdi guztiak berreskuratuko zituzten. "Kontrakorik jartzen ez zuenez, oraindik bageneukan esperantza, eta zerbitzuari buruz galdegin genion". Abenduaren 15ean jaso zuten Jaurlaritzatik erantzuna posta elektronikoz: "Linea eta geldiguneak ez genituela berreskuratuko erantzun ziguten, eta gainera, azken proiektuan estazio berria egitea ere ez zela jasotzen". Arrazoien artean aipatu zieten Altzolako geltokia egunean bi lagunek erabiltzen dutela batez beste: "Argi dago une hartan De Juan De Miguel andreak ez zekiela 32 lineatatik zortzi bakarrik gelditzen direla Altzolan, eta ziur ez zekiela, ezta ere, geltokirako daukagun bidea nolakoa den". Altzolako bizilagunen eta Jaurlaritzaren arteko galdera-erantzun trukaketa etengabekoa izan da ordutik, eta martxoaren 10ean eratu zuten Altzolako tren geltokia defenditzeko plataforma.

 • Udalaren erantzuna
Elgoibarko Udalarekin bilera eskatu dute plataforma aurkezteko, eta baita erabaki hori atzera botatzeko presioa egin dezala ere Jaurlaritzan. Elgoibarko Udaleko arduradunek esan dute Altzolako bizilagunekin harremanetan egon direla orain arte, eta aurrerantzean ere berdin jarraituko dutela. Plataformako kideen bilera eskaerari ere erantzungo diotela esan dute, eta bilduko direla beraiekin.
Proiektuari dagokionez, Udaletik esan dute ez dela inon aipatzen Altzolako tren geltokia egingo den edo ez, baina Udalak alegazio bat egina daukala, esanez ondo legokeela sahiesbidearen proiektua aprobetxatzea Altzolan geltoki berria egiteko. Dena dela, Udaleko arduradunek baieztatu dute Altzolako bizilagunentzako garraio zerbitzua bermatuko dutela: "Altzolatarrek autobusa erabiltzen dute gehienbat, eta gaur egun dagoen autobus zerbitzuarekin edo Udalbus zerbitzua hobetuta, Altzolarako zerbitzua bermatuko dugu".

2023 03 23 altzola tren geltokia sarbidea eskailerak