Merkatu Plaza dagoen lekuan eraikiko du Osakidetzak Elgoibarko osasun zentro berria

Barren.eus 2023ko mar. 22a, 16:43

Jaurlaritzako Osasun Saileko eta Elgoibarko Udaleko arduradun nagusiek Elgoibarren eraikiko duten osasun zentro berriari buruzko xehetasunak eman dituzte gaur.

Jakitera eman dutenez, osasun-zentro berria eraikitzea adostu dute bi aldeek, gaur egungoa "txiki eta zaharkituta" dagoela-eta. Proiektua gauzatzeko konpromisoa sinatu dute Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak eta Ane Beitia Gipuzkoako udalerriko alkateak.

Egun zerbitzua ematen duen anbulatorioak sarbide zaila duela esan dute, eta haren egiturak ez duela aukerarik ematen Elgoibarko eta inguruko (Mendaro, Soraluze…) herritarrei –18.000 biztanle inguru– arreta emateko, ez eta "egungo eta etorkizuneko asistentzia-beharretara egokitzeko" ere. Honenbestez, osasun-zentro berria eraikitzea hobe dela erabaki dute, eta horrek hartuko lituzkeen zerbitzuen berri ere eman dute: medikuntza orokorreko zortzi kontsulta, egoiliarrentzako bi kontsulta, erizaintzako zortzi kontsulta, medikuntza pediatrikoko bi kontsulta, erizaintza pediatrikoko bi kontsulta, talde-jardueretarako gela bat, odola ateratzeko gela bat, fisioterapia-gela bat, kirurgia txikiko gela bat eta emakumentzako gune bat, besteak beste.
Horiek guztiak hartuko dituen osasun zentroa Elgoibarko Merkatu Plaza dagoen eraikinean eraikiko dutela jakinarazi dute, eraikina eraitsi eta gero. Zehaztu dutenez, osasun-zentro berriak 2.264 metro koadroko azalera eraikia izango du, sei solairutan banatuta (sotoa, beheko solairua + lau solairu). Konparazio bat egite aldera, anbulatorioak 960 metro koadro erabilgarri ditu.

Azpiegitura berri hau lehen mailako arreta sendotzeko helburuarekin duten konpromisoan "urrats bat gehiago" dela adierazi dute, "osasun-asistentzia Euskadiko auzo, herri eta hiri bakoitzera gero eta gehiago hurbiltzen jarraitzeko". Gaineratu dutenez, Osakidetzak 117 milioi euro ditu 2023ko aurrekontuan, instalazioen eta ekipamenduen modernizazioan inbertitzeko.

 • Merkatu plazaren idiosinkrasia
Ane Beitiak eskerrak eman dizkio Osasun Sailari lankidetzagatik, eta nabarmendu du pausu benetan garrantzitsua dela Osakidetzarekin elkarlanean ematen ari diren hau, "herritarrei osasun-azpiegitura egokiak eskaintzea ahalbidetuko baitu, zerbitzu osagarriak barne hartzearekin batera. Egungo Merkatu Plaza bilakatuko da anbulategi moderno batean, baina merkatu plazaren idiosinkrasia mantenduko dugu eremu estali berri bat sortuz inguruan, bertan toki eginez ostegunetako baserritarrei zein egunerokoan herritarrentzako aisia gunea sortuz. Ez hori bakarrik, plaza berri bat izango da, Kultur Etxea balioan jarriz eta herria ere ibaira begira jarriz. Ingurune osoa eraberrituko dugu. Noski, egun Merkatu Plazan kokatuta dauden saltzaileei (bi saltzaile daude orain, eta bakarra izango da ekainetik aurrera) zein elkarte eta eragileei espazio egokia eskainiko zaie. Horretan lanean ari gara jada”, adierazi du.

Alkateak gaineratu du anbulategi zaharrari bizitza berri bat emango diotela eta aztertzen ari direla zer erabilera eman. "Elkarteentzako lokalak, gazteentzako alokairurako etxebizitzak… Azpiegitura eta aukera berriak, zerbitzu gehiago…", aipatu ditu aukeren artean.

 

∞Lotura duten albisteak: