“Sahararren borrokaren funtsezko zutabe dira emakumeak”

Barren.eus 2023ko mar. 20a, 09:08

Sahararrak dira Nabojuha Gailani eta Nadjia Djamai, baina Aljeriako basamortuan, errefuxiatuentzako Tindoufeko kanpalekuan, jaio eta hazi dira. 'Oporrak Bakean' programari esker irten ziren estreinakoz sorlekutik eta beste mundu bat bazela jabetu ziren. Urte batzuk geroago, etsita, Europarako bidea hartu zuten berriro, aukera bila. Gaur, Mendaron bizi dira, eta Udaleko Berdintasun Batzordeko kide dira.

Aktibistak dira, saharar herriaren autodeterminazioa eta feminismoa dira beren bi borrokak, eta bai baterako zein besterako, berebizikoa ikusten dute emakumeen ahalduntzea eta haien arteko sareak ehuntzea. Horregatik, Emakumeen topaketa egitea proposatu zuten Mendaron, Berdintasun Sailaren laguntzarekin. Joan den eguenean batu ziren.

 • Emakumeen topaketa antolatu zenuten, Udaleko Berdintasun Sailaren elkarlanean. Zergatik eta zertarako?
Nabojuha Gailani: Sortu nahi nuen topaleku bat emakumeok geure gauzez hitz egiteko. Iruditzen zait askotan ezagutu gabe epaitzen dugula ondokoa, baina funtsean, hango eta hemengo emakumeok gauza asko partekatzen ditugula. Migrante izanda, baina, ez zait erraza beste emakume batzuengana gerturatzea, eta horregatik Uxueri [Uxue Alonso, Berdintasun teknikaria] proposatu nion bidea egiteko eta emakumeok elkarri entzuteko espazio seguru bat sortzeko. Eskerrak eman nahi dizkiot Uxueri, urtebete daramadalako Mendaron eta bera izan delako komunitaterako atea zabaldu diguna, bera ezagutu arte ez geneukalako ezeren berri eta galduta sentitzen ginelako hemen. Berdintasun Batzordea badago Mendaron eta guk biok hartzen dugu parte bertan, baina iruditzen zitzaidan behar zela beste zerbait, hain ofiziala ez dena. Ikusiko dugu zer ematen duen [egueneko elkarytzeaz], baina ondo legoke emakumeen taldea sortzea. Era berean, emakume sahararrak izanda, beti sentitu dugu gure herriaren borrokaz eta gure herriaren zutabe nagusi diren emakumeen egoeraz hitz egiteko beharra ere, eta horretarako ere, aukera behar genuen.

 • Mendebaldeko Saharako askapen mugimendu nazionalak 50 urte beteko ditu maiatzaren 10ean. Nola bizi duzue orain okupazioaren kontrako borroka Euskal Herritik? Zer iristen zaizue handik?
Nadjia Djamai: Oso gogorra da. Nik hilabete egin dut han orain, eta errealitatea are da gogorragoa. Kanpalekuan bizi direnak aspertu dira zain egoteaz. Emakumeak eta umeak baino ez dira ikusten, gizon sahararrak frontera joaten direlako hiru hilabetez, txandaka. Gaztetxoen artean ere borrokarako gogo izugarria dago eta denak daude armak hartzeko prest, ez dutelako etorkizunik ikusten; etsita daude. Koinatua daukat orain Euskal Herrian, Bermeon. Sahararen Aldeko Elkartearen bitartez etorri da, ebakuntza bat egitera eta zain dago, belaunetik behera zisko eginda. Ezagutzen nuen Arrasaten bizi zen saharar bat aldiro joaten zena hara, Fronte Polisarioarekin borrokatzera, baina joan zen azkeneko aldian ez zen itzuli.

 • Ez dirudi erraza, baina itxaropena omen da azkena galdu behar dena. Argirik ikusten duzue?
Nabojuha G.: Ez. Basamortuan hazi gara gu, hutsarekin, hein batean nazioartetik iristen zen laguntzari esker. Hondarrarekin jolasten ematen genuen eguna umetan. Pozik bizi ginen, besterik ez zelakoan munduan. Oporrak Bakean programarekin handik irten ginenean jabetu ginen hura ez zela bizimodua. Horregatik ulertzen dut gerrarako adinik ez dutenak ere Fronte Polisarioak deitu zain egotea. Umetan gurasoek esaten ziguten ikasteko, saiatzeko gogor, ikasten zuenarentzat beti izango zela aukeraren bat-eta, baina sahararrok badakigu han ez daukagula ezertarako aukerarik. Ni neu 12 urterekin joan nintzen Aljeriara ikastera. Urtean behin bakarrik itzultzen nintzen etxera, udan, eta badakit zein gogorra den adin horretan etxekoengandik banandu eta barneko ikasle moduan joatea kanpora, bai eta gureak bezalako gurasoentzat zein ahalegin ekonomiko handia den gu ikastera bidaltzea ere. Zuzenbide ikasketak amaitu nituen, eta zertarako? Ezertarako, eta asko daude nire egoera berean. Kubara ikastera joan ahal izan direnek izan dezakete aukeraren bat, baina Aljerian ikasi dugunok, nekez. Gure gurasoek apustu hori egin zuten, sinetsita guretzat ez ezik familiarentzat ere ona izango zela, atzerritik lagunduko dien senideren bat ez duten sahararrek zaila dutelako gaur bizirauten.

 • Sahararen aldeko borrokan zein paper jokatu dute emakumeek?
Nabojuha G.: Borrokaren funtsezko zutabe dira. Gizonezkoak borrokara joan zirenean, emakumeak bakarrik geratu ziren kanpalekuetan, eta haiek hasi zuten guztia. Haiek sortu zituzten eskolak, haurtzaindegiak, egitura politikoak, dena, eta haiek arduratu dira haurren hezkuntzaz, zaintzaz eta kulturaren transmisioaz. Horrek egiten du garrantzitsu emakumearen rola gure kausan. Erresistentziaren ikur dira. Beste herrialde arabiarrekin eta musulmanekin alderatuta, eskubide gehiago ere baditugu emakume sahararrok, beharbada horrexegatik.

 • Nola iritsi zineten zuek Euskal Herrira?
Nadja D.: Oporrak udan programaren bitartez irten nintzen ni estreinakoz errefuxiatuen kanpalekutik, Laredora (Cantabria, Espainia), umetan. 2006an, umetako harrera familiak Laredora itzultzeko eskatu zidan, aukera gehiago izango nituelako hemen ikasteko eta etorkizuna eraikitzeko. Bisatua egin zidaten eta halaxe etorri nintzen 18 urte bete berri, bakar-bakarrik. Urtebete egin nuen paperik gabe Laredon, baina 2007an eskuratu nituen. Sei urte egin nituen familia haren etxean bizitzen, eta ostalaritzan lanean. Aldizkako beste lan batzuk ere izan nituen gero eta tarte horretan sorterrira itzuli batzuk ere egin nituen. 2016an lanik gabe gelditu nintzen, eta langabezia kobratzen hasi nintzen, eta amaitu zitzaidanean, Prepara prestazioa eskatu nuen, eginahalak eginda ere ez nuelako lanik topatzen. Zapia traba handia zaigu lana topatzeko. Gasteizera aldatu nintzen Laredotik, handik Donostiara gero, lanerako aukera gehiago izango nituelakoan, baina ezer ez. Tolosan ere bizi izan naiz lau urtez eta uztailetik Mendaron nago, lagun euskaldun batek topatutako etxe batean, alokairuan. Sorterrian ezertarako aukerarik ez nuelako eta etxekoei lagundu beharra sentitzen duelako irten nintzen handik, gazte. Gu sei neba-arreba izan gara eta gure ama bizi ere ez da egin gu hazteko. Bizimodu hobe bat eman nahi nion, baina lanik topatu ezean itzuli egingo naiz, hogei urte daramatzadalako hemen bakarrik eta neuri ere ez zaidalako erraza hemen bizitzen. Egun, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta ari naiz jasotzen, baina nik lan egin nahi dut, alokairua ordaindu eta etxekoei laguntzeko. Batzuetan sentitzen dut mespretxuz begiratzen didala jendeak, baina gauza bakarra eskatzen diet: ez uste izateko txarrera gatozenik; lan bila gatoz, derrigorrean, gure herrian ez dagoelako biziraun beste aukerarik.

 

2023 03 17 sahararrak mendaro NABOJUHA GAILANI NADJIA DJAMAI b1 BARREN