Ramanadari buruzko hitzaldiak izan duen "harrera beroarekin" pozik daude antolatzaileak

Barren.eus 2023ko mar. 13a, 13:21

Auzoko Familiak egitasmoko familia eta eragileak "oso pozik" daude Ramadani buruz antolatu duten solasaldiak eta horren osteko mokaduak izan duten harrerarekin.

Azaldu dutenez, ehun bat lagun batu ziren zapatuan Aita Agirre Kulturgunean egin zuten saiora, "euskaratik urrun eta hurbil dauden familia eta banako ugari, belaunaldi guztietakoak eta Elgoibar zein inguruko herrietakoak", zehaztu dute. Topaketak antolatzaileek aurreikusitako lagun kopurua bikoiztu zuen, eta ekimenak herrian izan duen "harrera beroarekin" oso pozik daude.

AsociaciĆ³n Cultural Onda Euskadiko kideek eman zuten Ramadanaren inguruko hitzaldia, eta, besteak beste, zertan datzan eta musulmanentzat duen garrantziaz mintzatu ziren. Komunitate musulmanak egutegi islamikoaren bederatzigarren hilabetean ospatzen du Ramadana. Aurtengoa martxoaren 23tik apirilaren 21era izango da. Musulmanen erlijioa eta kultura ezagutzera emateaz gainera, horrelako ekimenekin bizilagunen artean bizikidetzarako espazioak sortzen direla nabarmendu dute Auzoko Familiak egitasmotik, "kultura ezberdinetako pertsonen arteko ezagutza eta errespetua sustatuz". Egitasmo honen izateko arrazoi edo helburuak direnak.
Solasaldiaren ostean, Marokoko gastronomia ezagutu eta dastatzeko aukera izan zuten batutakoek, Elgoibarko familiek prestaturiko gozoak eta tea probatzeko aukera izan baitzuten.

2023 03 11 ramadan hitzaldia auzoko familiak

2023 03 11 ramadan hitzaldia auzoko familiak aitaagirre elgoibar

2023 03 11 ramadan hitzaldia auzoko familiak elgoibar