Nourdine Ouafa: “Ez dut beste lanbiderik ezagutzen, baina azokako lana ez nuke ezergatik aldatuko”

Barren.eus 2023ko mar. 10a, 16:43

Hitz errazekoa da Nourdine Ouafa El-Ouafay (Lazkao, 1992). Elkarrizketara edozein gai aterata ere, zintzo eta naturaltasunez berba egiten daki. Komunikatzailea petoa da. Eta, telebistatik ere, besteak beste, naturaltasun horregatik deitu diote. Astero agertzen da ETB1eko "Piztu Telebista' saioan. Lanbidez, baina, azokako saltzailea da (bideo-elkarrizketa).

Aitarengandik hartu zuen negozioa, eta ez du beste lanbiderik ezagutu. Astelehenetik zapatura egiten du lan Gipuzkoako hainbat herritako azoketan, eguenetan Elgoibarren, eta ez luke bere lanbidea aldatuko. Gustatu egiten zaio azoka, bezeroekin daukan harremana, adiskidetasuna eta konfiantza. Bezeroak ezagutzen ditu, eta haiek ere ezagutzen dute bera, are gehiago orain, ETB1-eko 'Piztu Telebista' saioan agertzen denetik. Urretxun bizi da emazte eta alabarekin, baina astean behin Arrasatera joaten da gurasoen etxera, Halima arreba gaztearekin telebistarako saioa grabatzera. Familiak sekulako garrantzia dauka bere bizitzan, erlijioak adinakoa. Horiek dira bere bizitzako bi zutabe nagusiak.

 • Nola hasi zinen azokan saltzen?
Aitaren bitartez sartu nintzen negozio honetan. Aita 1983an etorri zen Marokotik bizitza hobeago baten bila, eta zorionez, topatu zuen. Amarekin ezkonduta zegoen ordurako, baina bakarrik etorri zen, nire ama eta bi arreba han lagata. Bilbon bizi izan zen hasieran eta beste asko bezala, kalean eta tabernetan produktuak saltzen hasi zen. Gero, Gipuzkoara etorri zen, Goierri aldera, eta Lazkaon kokatu zen. Azokarako postu bat erosteko aukera suertatu zitzaion, beste saltzaile bat jubilatu egin zelako eta horrela hasi zen lan honetan. 1988an gure anaia jaio zen Marokon, eta urtebete geroago etorri ziren ama eta neba-arrebak Lazkaora. Sei bat urtez bizi izan ziren han, eta ni 1992an jaio nintzen. Zumarragara lekualdatu ginen, eta gero, Azpeitira. Gaztaroa Azpeitian eman nuen, han egin nituen benetako lagunak eta nongoa naizen galdetzen didatenean, azpeitiarra naizela erantzuten dut. Ikasketak utzi nituenean, aitari laguntzen hasi nintzen azokan, eta orain dela bost urte, aita jubilatu zenean, neuk hartu nuen negozioaren ardura.

 • Zer da azokako saltzaile izatea?
Nik beti pentsatu izan dut gustuko zerbaitetan lan egin behar dela. Egon zaitezke fabrika batean lanean, lan egitea beharrezkoa delako, baina benetan lanbidea atsegin gabe. Nire kasua ez da hori. Niri lan hau gustatu egiten zait, eta azokako saltsa bizi dut. Nire buruaren jabe naiz, inork ez dit agintzen, eta bezeroekin dudan harremana oso polita da. Batzuetan goian zaude, besteetan behean, baina hemen ere, negozio guztietan bezala, kudeaketan dago gakoa. Gustatuz gero, eta ondo kudeatuz gero, inon baino hobeto nago hemen. Neguan hotz pixkat pasatzen dugu, eta udan bero, baina gustura nago. Egia da ez daukadala soldata finkorik, batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago irabazten dut, baina bizitzeko ematen dit. Inoiz ez dut beste lanbiderik ezagutu, baina ez nuke aldatuko. Bizi osoa azokan emango nuke.

 • Ostegunetan Elgoibarko azokara etortzen zara. Non gehiago saltzen duzu?
Astelehenetik zapatura egiten dut lan, hemen inguruko herrietan. Deba bailaran ibiltzen naiz batez ere, eta azpeitiarra izanda, nola ez, Azpeitiko azokara ere joaten naiz, asteartetan. Astelehenetan Aretxabaletara, asteazkenetan Eibarrera, ostegunetan Elgoibarrera, ostiraletan Arrasatera eta zapatuetan, Bergaran. Urte asko daramatzat lan honetan, eta ezaguna naiz. Bezeroak ere ia astero berberak izaten dira, eta gure arteko harremana sendotzen doa. Herri bakoitzak bere publikoa dauka, desberdinak dira erosleak, eta hori igarri egiten dugu, baina guretzako denak dira garrantzitsuak, asko erosten dutenak nahiz gutxi erosten dutenak.

2023 03 10 nordin ouafa azokan elgoibar BARREN mo

 • Elgoibarko azoka nolakoa da?
Elgoibarko azoka gustatzen zait; oso gustura etortzen naiz. Eibarkoarekin alderatuta, askoz herrikoagoa da, lokalagoa. Eibarkoa handiagoa da, eta ondorioz, konpetentzia gehiago daukagu. Bezeroak ere kanpotik etortzen dira asko, Ermutik batez ere, eta askoz nahasiagoa da dena. Nik gusturago egiten dut lan Elgoibarren. Hemendik gehienetan pozik joaten naiz etxera, eta Eibartik askotan ez naiz hain gustura bueltatzen. Badakit ezin dela azoka guztietan berdin saldu, bestela, ez nintzateke hemen egongo. Miamin biziko nintzateke, txalet handi batean!

 • Eta, elgoibartarrak nolakoak gara?
Urte asko daramatzat Elgoibarko azokan lanean. Bezeroek konfiantza handia daukate nigan, eta nik ere beraiengan. Hori ez da egun batean irabazten. Pertsona jatorra denari jatorrak inguratzen zaizkio.

ELKARRIZKETA osorik BARREN aldizkariko 1278. zenbakian -PDF-  

 

2023 03 10 nordin ouafa azokan elgoibar BARREN saltokian