"Elgoibarrek ez du indarkeria matxista eta LGTBIfobiarik onartzen" leloa daramaten hiru panel more ipini zituen Udalak, orain urtebete, herriko hiru sarreratan. Horietako batean, Eibartik Elgoibarrerako sarreran dagoenean, erabat ezabatu dute mezua.
Egun seinalatua aukeratu dute ezezagunek panela kaltetzeko, martxoaren 8aren biharamunean agertu baita N-634 errepide bazterrean dagoen kartela kaltetuta.
Lilako, Elgoibarko Emakumeen Etxeko, mahaitik sortutako ekimena izan zen panelok herriko sarreretan ipintzea, indarkeria matxistaren eta LGTBIfobikoen aurkako indarkeria desagerrarazten saiatzeko eta gizartean berdintasunezko eredu bat ezartzeko informazioa emateko helburuarekin. Iaz ipini zituzten, martxoaren 8aren bueltan.