Lapurretan egin dute Otzak kafetegian

Barren.eus 2016ko ots. 29a, 15:42

Otzak kafetegiko jabeak azaldutakoaren arabera, lapurrak ate ondoko leiho bateko kristal bat apurtuta sartu dira kafetegi barrura, gaur goizaldean. Telebista bat eta kutxa erregistratzailea sumatu ditu faltan jabeak, eta txikiziok egin dituztela gaineratu du.

“Gauerdian itxi genuen kafetegia atzo, eta 07:12an sartu naiz gaur lanera. Atetik sartu eta ez dut ezer arrarorik sumatu, baina lurrean kristalak ikusi ditudanean konturatu naiz gertatutakoaz”, azaldu du tristuraz Otzak kafetegiko jabeak. Sarrerako ate ondoko leihoan egin duten zulotik sartu dira lapurrak. Jabeak nabarmendu duenez, hamar milimetroko beira apurtu behar izan dute barrura sartzeko. 

Plasma erako telebista eta kutxa erregistratzailea dituzte faltan. “Kutxa erregistratzailearen ukimen-pantaila kaltetu eta kutxa osoa eraman dute”. Tabakoaren makina ez dute eraman baina lurrean botata eta apurtuta laga dute. Ertzaintza izan da kafetegian eta abian jarri dute gertatutakoa argitzeko ikerketa. 

2016 02 29 lapurreta hotzak1