Igogailu eta eskailera mekanikoetan "ekintza bandalikoak" egin dituztela salatu du Udalak

Barren.eus 2023ko mar. 8a, 13:38

Azken asteotan herriko igogailu eta eskailera mekaniko publikoei eginiko kalteen berri eman du Elgoibarko Udalak, eta ohartarazi du bideokamerek jasotako irudiak aztertzen ari direla, kalteak erreklamatzeko prozedura abiatu ahal izateko.

Udaletik jakinarazi dute igogailu publikoen eta eskailera mekanikoen aurkako "ekintza bandalikoen" gorakada nabarmena izan dela azken asteetan. Azken kasuak Lerun industrialdean dagoen igogailuan gertatu dira. "Igogailuei eraso egin diete harriak jaurtiz, sistemak hautsiz eta ateak beren lekutik ateraz", azaldu dute.

Udalaren kalkuluen arabera, konponketa bakoitzak 3.000 eurotik gorako kostua du, gutxi gorabehera: "displayak 2.994,11 euro balio du, eta beirateria konpontzeak 547.39 eurokoa".
Duela aste batzuk Urazandiko igogailu berrietan beste "ekintza bandaliko sorta bat" izan zela ere jakinarazi dute, hiru eraso hain justu ere, eta konponketen balioa 400 euro ingurukoa izan zela jakirarazi dute.
Aipaturiko azpiegitura publiko horiei eginiko kalteez gainera, "askoz ere ekintza bandaliko gehiago" daudela salatu dute Udaletik, eta horien ondorioz, bai eskailera mekanikoak bai igogailuak zerbitzutik kanpo geratzen dira maiz, harik eta mantenuaz arduratzen den enpresak berriro martxan jartzen dituen arte.
 • Kamerak eta identifikazio-sistemak aztertzen
Azpiegitura horiek identifikazio-sistemak dituzte, kamerak igogailuen kasuan, eta Udalak kalteak erreklamatzeko prozedura hasi du. Udaltzaingoa eta Ertzaintza jarduera horien jarraipena egiten ari direla zehaztu dute. Udalak arduraz eta eskuzabaltasunez jokatzeko eskatu du, eta herritarrei eskatu die ekintza bandaliko horien berri izanez gero, Udaltzaingoari jakinarazteko, 943 741 394 telefono-zenbakira deituta.